Galdeketaren bitartez, "inposizioak alde batera" utzita, bergararrek erabaki ahal izango dute udalerrian zein hondakin bilketa sistema ezarri. "Hau guztia posible da EAJ dagoelako Udal gobernuan" adierazi du Bergarako EAJk.
Jeltzaleek beste hainbat datu eman dituzte "edukiontzi sistemaren alde" egiten duten apustua indartzeko eta sistema hori "eraginkorragoa eta merkeagoa" dela egiaztatzeko. Azaldu dutenez, esaterako, Udaleko txostenak, azken lau urteetan, hondakinen bilketak "1.335.000 euroko defizita" sortu duela frogatzen du.
Bergarako EAJk dio bosgarren edukiontzia erabilita, "emaitza berdinak edo hobeak" lor daitezkeela "frogatu" dela eta Arrasateko sistema jarri dute eredu moduan. Arrasaten, bost edukiontzi darabilte hiri hondakinak batzeko, herritarrek edozein unetan utz ditzakete hondakinak sailkatuta, dagokion edukiontzietan, eta edukiontzi marroia eta grisa, organikoarena eta errefusarena, hurrenez hurren, txartel pertsonalizatuarekin ireki behar dituzte herritarrek. Horregatik, Bergarako jeltzaleen ustez, bosgarren edukiontzien sistema "merkeagoa, garbiagoa eta pertsonendako erosoagoa" da. Gaineratu dute, sistema hori "egunetik egunera hobetu" daitekeela, "herritarren beharretara egokitzeko aukera eskaintzen" duelako eta "gaikako hondakin bilketa-emaitza hobeak lortzea" ahalbidetzen duelako.
Herritarren inplikazioa
Ildo horretatik, EAJk dio sistemaren arrakasta bermatzeko "herritarren inplikazioa eta partaidetza ezinbestekoak" direla, baina, betiere, "inposizio barik". Hori dela-eta, informazio kanpainak egitea eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzea beharrezkotzat jo du, "hondakinen inguruko arazoaren baitan, herritarrek kontzientzia har dezaten eta beren parte hartzea areagotu dezaten".
Bukatzeko, Bergarako EAJk herritarrak animatu ditu "orain arte bezala hiri hondakinak gaika batzen segi" dezaten, "sistema berriarekin, hondakinak etxean pilatuta izan ordez, zaborra edozein egunetan eta edozein ordutan, dagokion edukiontzian, botatzeko aukera" izango dutelako. Eta hori horrela izan dadin, "herritarren botoa" eskatu dute bosgarren edukiontziaren alde.