Debagoieneko Zero Zabor Taldeak eskatu du %70etik gorako birziklatze-maila bermatzeko

Goiatz Arana Begiristain 2015ko aza. 11a, 15:56

Hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko Debagoieneko hiru herritan egingo dituzten galdeketen harira, Debagoieneko Zero Zabor Taldeko ordezkaritza zabal batek agerraldia egin du Eskoriatzan. Aukeratzen den sistema aukeratzen dela, %70etik gorako birziklatze-maila bermatu behar dela azpimarratu dute, eta hondakinak ondo sailkatzea herritar guztion betebeharra dela gogorarazi. Albiste barruan, prentsa-oharra, osorik.

"Azken urte hauetan saltsa-maltsa handia egon da hondakinen inguruan. Askok eta askok nazkatuta amaitu dugu, baina onartu beharra dago era berean hondakinak sailkatzen ikasi dugula eta gaur egun gutariko gehienok ondo egiten dugula sailkatze hori.

Gure eskualdeak, Debagoienak, %75-80 bitarteko bilketa selektiboa egiten du. Gipuzkoako onena eta Europako onenetarikoa, ez bada onena. Harro egoteko moduan gaude.

Datozen hilabeteetan eskualdeko hiru herritan (Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza) galdeketak egingo dira eta horren aurrean eskualdeko Zero Zabor Taldearen iritzia azaldu nahi dugu.

Debagoienean hondakinak biltzeko hiru sistema desberdin daude martxan eta hirurek erakutsi digute eraginkorrak direla. Izan ere, batean zein bestean %80 inguruko bilketa selektibo maila baitugu, Eta guretzat, Debagoieneko Zero Zabor Taldearentzat, hori da garrantzitsuena, tasa horri eustea.

Material konpostagarri eta birziklagarriak errefusara botatzea ekidin behar dugu. Materialak zabor bihurtzea onartezina da, kutsatzea kaltetzea baita, besteen eskubideak urratzea eta administrazioak ezin du kaltea eragiteko erraztasunik eman, ezin ditu kalte hori eragiteko bitartekoak jarri, gizon-emakumeon osasuna eta ingurumena babestu behar baititu.

Beraz, edozein bozketaren aurrean, sistema bakoitzarekin zein helburu lortu nahi den adierazi beharko litzateke. Eta gure aldetik honako hau azpimarratu nahi dugu: edozein sistema aukeratuta ere, %70etik gorako birziklatze maila bermatu behar du. Eta gainera etengabe hobetzera egin behar dugu kontzientziazio kanpaina eta beharrezko balitz egokitzapenekin. 

Ikasi dugu sailkatzen eta bide horretatik jarraitu nahi dugu Europan eredu izaten. Harrotasun puntu bat ere lortu dugu honekin eta gainera gehiengo handik batek erraz egiten dugu, ez dago sekreturik, ikasi dugu eta erraza da. Emaitza hain interesgarriak lortzea, aldiz, ez da posible izango aurrerantzean, denok, herritar guztiok, ondo egiten ez badugu. Hondakinak ondo sailkatzearen lana herritar guztion BETEBEHARRA delako, DENON parte hartzea nahitaezkoa da.

Zaborra eta haren ondoriozko kalteak, zabortegiak, errauskailuak eta abar ez ditugu etxe ondoan nahi. Eta guk guretzat ez duguna nahi, gizalegeak dio ezin dugula onartu beste inorentzat.

Beraz, sistema edozein izanda ere, jarraitu dezagun gaika biltzen, orain arte bezala, ondo ari gara eta".

Debagoieneko Zero Zabor Taldea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak