"Garbi dugu bergarar guztiek aurreko agintaldian zenbat aldiz, bai kalean bai areto honetan, eskatu zitzaien EH Bildukoei galdeketa bat egitea, eta inoiz ez dute erakutsi inongo asmorik gai horrekin", zioen Juanje Alberdik.
Alkateak iragarri du euren nahia dela urtea amaitu aurretik egitea kontsulta, eta, herritarrek sistema aldatzea erabakiko balute, aldaketa 2016ko lehen hiru hilabeteetan gauzatzea. Galdera zehazteko lanetan datozen egunetan hasiko direla ere iragarri du.
Alkateak adierazi du euren nahia zela udalbatzan ordezkaritza duten lau alderdiak ados jartzea, hala agertzea herritarren aurrean, eta hondakinen gaian "batera" aurrera egitea, eta ez, "berriz ere", eztabaida kalera eramatea.
EH Bilduren ezezkoaren aurrean, ordea, galdeketa egitea erabaki dute, nahiz eta euren hauteskunde programan bosgarren edukiontziaren aldeko hautua jasoa eduki eta jakitun izan beste galdeketa bat egin zela lehenago, Bergara Garbiak deitutakoa, eta bosgarren edukiontziaren aldeko emaitza atera zela: "Gure programan beti egon da bosgarren edukiontzia; inoiz ez dugu esan galdeketarik ez genuenik egingo edo egingo genuenik. Zergatik? Horregatik, nahi genuelako adostasun batera heltzea. Zer gertatzen da? Egin ahalko litzatekeen irakurketa izango litzatekeela: 'EH Bildukoek jarri zuten atez atekoa beraiek nahi zutelako, eta EAJkoek jarri dute bosgarren edukiontzia beraiek nahi dutelako'. Nahi duguna da eztabaida hori, behin betirako, alde batera uztea, eta argi gera dadila zer nahi duen herriak. Eta ez daitezela izan EH Bilduren eredua eta EAJren eredua, baizik eta herriak nahi duena. Eta ez, hemendik lau urtera Gobernuan beste batzuk badaude, berriz ere eztabaida berean hastea".
Bergaran, sistema mistoa dute hiri hondakinak batzeko: atez ate batzen dira organikoa eta errefusa, eta ontzi arinak eta papera edukiontzien bidez. Arrasaten, berriz, edukiontzi bidez jasotzen dituzte guztiak: edonoiz atera daitezke, baina errefusak eta organikoak txip bidezko sistema dute.
Bosgarren edukiontziaren alde
Agerraldian argi utzi dute, beste behin, jeltzaleek beren hautua bosgarren edukiontzia dela: "EAJk hondakinen gaikako bilketaren inguruko eztabaidan hasiera-hasieratik argi izan du bere jarrera, bosgarren edukiontziaren aldeko apostua eginez. Atez atekoa ezarri baino lehenago, bai Bergara Garbia plataformak antolatutako herri kontsultan eta baita hauteskunde kanpainan –bai 2015ean eta baita 2011n ere– ere, bosgarren edukiontzia izan da gure apustua. Prozesu honen hasieratik gure helburua hondakinen gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea izan da; gainera, behin eta berriz adierazi izan dugu herritarrak kontzientziatzea eta heztea ezinbestekoak direla. Guztiok bat eginda bakarrik lortuko dugulako helburua".
Alberdik zioen eurek uste dutela edukiontzi bidezkoa dela "bide eraginkorrena" hondakinak sailkatuta jasotzeko, eta Arrasaten eta Elgetan edukiontzi bidezko bilketak emandako datuak Antzuolan edo Oñatin atez atekoak ematen dituenekin "alderagarriak" direla, eta "batzutan hobeak".
Alkateak adierazi du, behin Mankomunitatera iritsita egiaztatu ahal izan dutela "bosgarren edukiontzia merkeagoa" dela –sistema aldaketarako egin beharreko inbertsioa urtebetean amortizatuko litzatekeela eta hori eragozpena ez litzatekeela izango ere esan du–; bide batez, eta Mankomunitatean egindako egiaztapenen inguruan, esan du orain arte ez dutela "inongo daturik izateko aukerarik eduki", eskatu izan dituzten bakoitzean "ukatu" egin dizkietela-eta. Horrez gain, edukiontzi bidezko sistema erosoagoa eta garbiagoa ere badela gehitu du.
EH Bilduri erantzuna
Bergaran ere Arrasateko sistema ezartzeko EAJren akordio proposamenari ezezkoa eman ziotela azaltzeko aurreko astean EH Bilduk kaleratutako oharrean koalizioak zioen zergatik nahi dituen EAJk akordioak gobernatzen ari denean, "oposizioan inolako akordiorik onartu ez duenean". Jeltzaleek diote, aurreko agintaldiko Gobernuak sorturiko hondakinen mahaian ere parte hartu zutela, eta bertan ere "akordioetara iristeko prest" azaldu zirela: "Esaterako, Elgetako akordiora". Baina aurreko Gobernuak "inondik inora" ez zuela onartuko "zaborren gaikako bilketa edukiontzien bidez egitea" dio EAJk: "Behin eta berriz esan zuten, eta gainera, mahai inguruko eztabaida martxan zegoela atez ateko gaikako bilketa sistema ezarri zuten, mahaia bapatean desegin eta apurtuz, egun batetik bestera, inongo azalpenik eman gabe".
Galdeketa egiteko erabakiaren aurrekariak
Jeltzaleek azaldu dute uztail amaieran egin ziotela EH Bilduri hondakinak biltzeko sistemaren inguruko akordioa erdistesko proposamena, "Arrasaten EH Bilduk onartutako akordioa oinarri hartuta": "Onartu ezean, kontsulta egingo genuela esan genien, herritarren nahia entzutea beti izan baita gure helburua. Herrian sorturiko eztabaidaren ondorioz herri kontsulta egin zen, besteak beste; hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere eredua aurkeztu zuen eta, orain, alderdiak elkarren artean adostasunetara iristeko momentua zela uste genuen. Gai honek sortutako gatazkari behin betiko irtenbidea elkarlanean aurkitzea zen gure helburua. EH Bilduk denbora eskatu zigun, erantzuna koalizioa eratzen duten alderdi desberdinen artean adostu behar zutelako eta hala eman genien. Ia bi hilabete eta erdi igaro dira, eta urriaren 7ra arte ez digute inolako erantzunik eman. Azkenean, beraien erantzuna, jakin duzuen moduan, ezezkoa izan da. Argi utzi dute, berriz ere, ez dutela elkarlanean adostasun batera iritsi nahi". EH Bilduri eskatu diote, orain ez daitezela galdeketaren "defendatzaile sutsu bezala" agertu.
Beste alderdien iritzia
EH Bilduk begi onez ikusten du galdeketa egitea. Eztabaidarekin amaitzeko "modurik onena" dela zioen Agurne Barrusok: "Uste dugu bergararrek zigortu zutela egungo sistema ezartzeko modua, ez sistema bera". "Autokritika" egin zutela, baina, gainera, orain herritarrek ezagupen maila handiagoa dutela zioen, eta "galdeketaren prozesua Gobernuarekin adosteko prest" daudela.
Irabazirentzat "oso notizia ona da" erabakia; hori bai, eskatu du "galdera eta kontsulta hori denen artean adostea, ez soilik alderdien artean"; eragileen parte-hartzerako aukera aldarrikatu du Aiert Lizarraldek. EAJren Gobernuko sozio den alderdi sozialistari, aldiz, ez zaio erabakia gustatu, Gobernuko alderdiek euren programetan bosgarren edukiontzia jasota edukita eta aurrez galdeketa bat egin zela kontuan izanda: "Bilduk ez zuen nahi izan orduan; orain ez zegoen haien nahietara zertan makurtu", zioen PSE-EEko zinegotzi Mari Carmen Barrenetxeak.