Arrasateko hondakin bilketa sistema Bergaran jartzeko EAJren eskaintzari uko egin dio EH Bilduk

Eneko Azkarate 2015ko urr. 9a, 09:18

Bergarako EH Bilduk ezetz esan dio Arrasateko hondakinak batzeko sistema Bergaran jartzeko, Bergarako Udal Gobernuak egindako proposamenari eta gaiaren gainean herri galdeketa egitearen alde agertu da: "Hondakinen gaiak Bergaran izan duen eragina eta gatazka-maila aintzat hartuta, uste dugu jada ezin dela alderdien arteko akordioz erabaki. Bergararrei eman behar zaie hondakinak biltzeko zein sistema nahi duten erabakitzeko aukera".

Hala dio hedabideetara bidalitako oharrak. Bide batez, kritikatu egin du Bergarako Udal Gobernuaren jarrera: "EAJ ekainaren 13an Udal Gobernuarekin egin zenetik gai bakarrarekin hurbildu da EH Bildurengana adostasuna eskainiz: Hondakinak biltzeko sistema".

Bergarako EAJren iritzia jaso nahi izan du Goienak eta aurrerago emango duela adierazi du.

EH Bildutik adierazi dutenez, uztailean egin zion Bergarako Udal Gobernuak EH Bilduri, hiri hondakinen gaiaren gainean adostasunetara heltzeko gonbita. Arrasateko bilketa sistema Bergaran ezartzeko akordioa eskaini zion.

Bergaran, sistema mistoa dute hiri hondakina batzeko: atez ate batzen dira hiri hondakin batzuk, herri gunean, zintzilikarioen bidez (organikoa eta errefusa) eta gainerakoak edukiontzien bidez (beira, papera eta bestelako hondakinak edukiontzi horian). Arrasaten, bost edukiontzi dituzte hiri hondakinak batzeko eta ez dituzte zintzilikarioak, hau da, ohiko edukiontzi hori, berde eta urdinez gain, marroia (organikoa) eta grisa (errefusa) dituzte eta herritarrek ez dituzte egun jakinetan hondakinak atera behar.

Herriko 190 lagunen iritzia

Bergarako Udal Gobernuak EH Bilduri egindako proposamenaren aurrean, eztabaida prozesu bat ireki du koalizioak herrian eta irailean "190 pertsonen artean" kontrastea egin ostean, bart iluntzean zabaldu du hedabideetara hartutako erabakia: "EAJrekin akordiorik ez egiteko erabakia".

Herritarrei hitza eta "autokritika"

Honako arrazoiak eman ditu koalizioak erabakia hartzeko orduan:

"Hondakinen gaiak Bergaran izan duen eragina eta gatazka-maila aintzat hartuta, uste dugu jada ezin dela alderdien arteko akordioz erabaki. Bergararrei eman behar zaie hondakinak biltzeko zein sistema nahi duten erabakitzeko aukera".

Bergarako EH Bilduk onartzen du aurreko agintaldian, Udal Gobernuan erabateko gehiengoa zuela Aralarrekin batera, gai honen gainean herriari galdetu ez izana ez zela "guztiz zuzena izan". Izan ere, jarrera hori, "oso kritikatua eta zigortua" izan zela dio EH Bilduk. Horregatik, zera dio: "Autokritika egin ondoren, uste dugu herriari galdetzea dela gaia erabakitzeko eta behingoz ixteko modurik demokratikoena".

Nahikoa informazio

Bigarrenez, EH Bilduren ustez hiri hondakinen gainean nahikoa informazio badauka herritarrak, gaur egungo sistema ezagutzen du, probatu duelako bi urtez eta, hortaz, hondakinak modu selektiboan nola batu nahi duen erabakitzeko nahikoa elementu badauka herritarrak.

EAJrekin akordioari ezetz esateko bigarren arrazoia honako hau da: "Hauteskunde-kanpainan behin baino gehiagotan adierazi genuen gaiaren inguruko galdeketa egiteko eta emaitzak errespetatzeko prest geundela eta hala gaude orain ere".

EAJren jarrera "guztiz itxia"

Hirugarren eta azken arrazoian, aurreko agintaldian EAJrekin akordioetara iristeko Udal Gobernutik egindako "ahalegin sendoa" aipatzen du EH Bilduk eta gogora ekartzen du EAJren jarrera "guztiz itxia" izan zela gai honekiko. "EAJk behin eta berriz ukatu zuen Arrasateko akordioa Bergaran egiteko aukera. Zer aldatu da ordutik hona? Zergatik EAJk akordioak nahi ditu gobernatzen ari denean oposizioan inolako akordiorik onartu ez duenean?".

Honenbestez, EH Bilduren ustetan, herritarrei galdetzea eta "guztiok bergararrok hartzen dugun erabakia errespetatzea eta betetzea" da gaiari irtenbidea emateko "modurik onena".

EH Bilduk dio herritarren nahia errespetatzeko prest dagoela: "Antzeko emaitzak ematen dituen beste sistema bat ezarri nahi badugu, EH Bilduk nahi hori errespetatuko du, guztiz".

Koalizioak EAJren eskuetan uzten du gaiarekin zer egin erabakitzeko ardura, "hauteskunde-programan esan zuen bezala sistema aldatzea edo bergararrei galdetzea" dio koalizioak.

Herritarra "nazkatuta"

Azkenik, EH Bilduk dio gaia muturretara eroan dela eta herritarrak nazkatuta daudela. "Hondakinen gaia imajinaezinak diren muturretara eraman izan da gure herrian eta herritarrak nazkatu arteko dinamika sortu da gai honen inguruan. Behingoz gaia ixtea komeni dela eta herriarentzat garrantzitsuagoak diren proiektuen inguruan lanean hasteko ordua iritsi da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak