Beasain-Durango autobiako Antzuola eta Bergara arteko zatian hasitako urgentzizko obretan izan dira Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbide, errepidetako zuzendari Silvia Perez, Bergarako alkate Juanje Alberdi eta Antzuolako alkate Beñardo Kortabarria, eta baita Aldundiko eta obrako zenbait teknikari ere, lanak nola doazen ikusten.
Orain dela urtebete Antzuola eta Bergara arteko lanetan lur erauzketa ia bukatuta zegoela haustura orokorra gertatu zen luizi baten ondorioz, eta foru ordezkariek erabaki zuten gune hori egonkortzeko eta konpontzeko lanak lehenbailehen egitea, gainerako lanekin batera egiteko utzi beharrean. Hauxe adierazi du Bide Azpiegituretako foru diputatu Aintzane Oiarbidek: "Tramu guztiaren proiektu berriaren zain egon beharrean, hori martxan jarri behar izan dugu, batez ere segurtasunagatik, baina ezponda horrek zerikusia dauka tramo berri horretan".
Lanen epeak
Abuztuan hasi zituzten urgentzizko lan horiek eta sei hilabetera amaituta egotea espero dute.
Bestalde, Oiarbidek adierazi du Antzuola eta Bergara artean egiteko dagoen zatiaren idazkera fasea esleituta eta abian dela eta espero dutela 2018 urte bukaera alderako amaitzea.
Diputazioaren lehentasunetako bat
Gaineratu du Diputazioaren lehentasun bat dela Antzuola eta Bergara arteko obra amaitzea eta Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoari bukaera ematea behar bezala.
Antzuolako eta Bergarako alkateek lanok bertatik bertara ikusi dituzte eta azaldu dute eurak ere deseatzen daudela obra horiek bukatuta ikusteko.