Aldundiak abian jarri du GI-632 (Beasain-Durango) errepidean "premiazko" jo dituzten lanak egiteko prozedura. Antzuola eta Bergara arteko lanetan lur erauzketa ia bukatuta zegoela haustura orokorra gertatu zen, Aldunditik azaldu dutenez. Obra hori gaur egun geldirik dago, baina aipatutako lanak aurreratzea erabaki dute Aldundian.
Proiektuari dagokionez, lur-erauzketan hausturak ukitu ez duen zatia sendotu egin beharko dute. Gainera, lerratutako materialak kendu egin beharko dituzte, eta geratuko den eremua egonkortu. Lan horiek proiektuan jaso dira, eta lur erauzketa egonkortzeko irtenbide misto bat gauzatzea aurreikusi du: rocky wall (harri lubeta eta pedraplen motako materialez osaturiko betelana) motakoa bermaren behealderaino, eta 100 eta 150 tonako zerbitzu-kargako ainguratzeak bermatik gora, Diputaziotik adierazi dutenez.
Antzuola-Bergara tarteko lanak
Bestalde, Aldundiak abiatu du baita ere GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko lanak bukatzeko proiektu teknikoa egiteko prozedura eta errepide tarte hori bukatzeko egin beharreko lanak zehaztuko ditu proiektu horrek.
Lizitazioaren zenbatekoa 798.600 eurokoa izango da, BEZ barne, eta proiektuak hilaren 15era bitartean aurkez daitezke. Behin esleipena eginda, lanak egiteko epea sei hilabetekoa izango da.