Martin Garitano: "Lan ona egin dugu eta pozik noa"

Eneko Azkarate 2015ko eka. 25a, 08:00

Markel Olano ahaldun nagusi berria izendatuta, eta berau agurtu ostean, kargua utzi du Martin Garitano ahaldun nagusi ohiak. Gara egunkarira itzuliko da, kazetaritzara, lau urteko etenaren ostean. Diputazioko jardunaren gainean dihardu.

Lau urtez Gipuzkoako aginte makila izan ostean, bazoaz. Egindako lanarekin gustura?
Bai, oso gustura. Lan ona egin dugu eta pozik noa.

Lau urte hauek merezi izan dute?
Bai, bai, ohore bat izan da eta benetako aukera ere bai. Hartu genituen konpromisoak bete egin ditugu. Gipuzkoarren alde lan egiteko, gauzak beste modu batera egiteko, Gipuzkoa eta Foru Aldundia berritzeko… konprometitu ginen eta horretan aritu gara lau urte.

Baina ez jarraitzeko erabakia hartu zenuen.
Aro bat bete dut nire bizitzan eta ez neukan berriro ere halako konpromisorik hartzeko asmorik. Hori bai, nahiko nuke EH Bilduko hautagaiak irabazi izan balu. Lehenengo egunean erabakia hartua neukan. Une hartan konpromisoa hartu nuen beste batzuek ezin zutelako aukera hori bete, legez kanporatzea zela-eta. Uste nuen herriarekiko edo inguruekiko konpromisoari derrigorrez eutsi egin behar niola.

Xabier Olanok hauteskundeak irabazi ez izanak zer sortu dizu?
Uste nuen hauteskundeak irabazi egingo genituela, baina jakin banekien EH Bilduk ez zuela gobernatuko, EAJk eta PSE-EEk hala erabakita zutelako. Duela lau urteko emaitzak historikoak izan ziren, halere, egoera berezian eman zirelako.

Gogoan duzu duela lau urte Bilduko ahaldungai nagusigai izatea proposatu zizuten unea?
Bai. Ez dizut esango zeinek proposatu zidan, baina bai, gogoan dut momentua. Politikan diharduen konfiantzazko lagun bat izan zen. Oso egoera berezia izan zen. Korrika amaitzen zen egun horretan Donostian, Gara-ren kilometroa egin nuen nik eta amaieran hurbildu zitzaidan nortasun agiriaren txartel eske. Eman nion eta ordubete geroago berriro elkartzeko gonbita egin zidan. Burura etorri zitzaidan hautagaien zerrenda osatzeko izango zela. Sinatu ostean esan zidan: "Gipuzkoako zerrendaburu". Egun hartan atera nintzen etxetik Korrikaren kilometroa egiteko eta Alde Zaharrera joateko asmoarekin eta itzuli nintzen etxera Bilduko Gipuzkoako ahaldungai nagusi moduan. Hurrengo egunean, astelehenean, aurkeztu genuen zerrenda. Kazetariek galdetzen zuten ea zein izango ote zen zerrendaburua eta zur eta lur geratu ziren ni nintzela ikustean.

Ausarta izan zinen erabakia horren azkar hartzerakoan.
Ez nuen inorekin kontsultatu. Di-da hartutako erabakia izan zen. Egoera hartan edozeinek egingo luke. Niri tokatu zitzaidan.

Kazetaritzara itzuliko zara orain?
Bai. Ez dakit besterik egiten: gobernatu ala kazetari lanetan jardun. Eta gobernatzea amateur eran. Nire lana izateaz gain pasioa ere bata kazetaritza.

Gara egunkarira itzuliko zara. Ze zereginetara?
Ez dakit oraindik. Egun zoroak izan dira azken hauek, dena behar den moduan ixteko eta aldaketa egoki egiteko.

Lau urteotako esperientzia jasoko duen liburua idaztekotan zara.
Bai, zirriborroa, gidoia egina daukat eta laster helduko diot. Kazetari batendako sekulako esperientzia da halakoa bizitzeko aukera izatea. Bizipen eta anekdota asko izan dira. Jende oso inportante askorekin edota ezagutzen ez nuen jende edo talde askorekin izan ditut harremanak eta asko ikasi dut. Merezi du horiek liburu baten jasotzea, besterik ez bada, nire semeak irakur dezan.

Izenbururik badu?
Ez. Cuatro años y un dia titulatzea pentsatu nuen, baina zigorra dirudi horrek...

Egindakorik edo hartutako erabakietatik ze nabarmenduko zenuke?
Zaila da. Sartu eta bizpahiru hilabetera Aieteko konferentzia izan zen eta besteak beste Koffi Anan artatzeko aukera izan nuen. Sekulakoa. Une historiko horretan, gertaeraren erdi-erdian egotea handia izan zen. Baina egunerokoan gauza txiki asko daude eta gipuzkoar baten arazoa konpontzen lagundu izanak poz handia ematen du.

Politika eta politikariak ezagutzen zenituen kazetariaren ikuspuntutik. Orain zeu izan zara protagonista. Beste modu batera ikusten duzu politika eta politikariak orain?
Politikariei eskatu egiten zaie kazetaritzatik eta ahaldun nagusi izateak behartu nau erabakiak hartzera eta batez ere krisi sasoi gogorrean lan egitea ez da samurra izan. Gaurtik aurrera hobeto ulertuko ditut politikariak erabaki batzuk hartzen dituztenean.

Gutxiengoan gobernatzeak zaildu egin dizuete gauzak?
24 batzarkiderekin gobernatu dugu eta Jose Luis Bilbaok, esaterako, 22 zituen Bizkaian eta inork ez du hori nabarmendu. Egia da, oposizioak ez dugula asko lagundu, baina, era berean, EAJrekin, PSE-EErekin eta PPrekin akordiotara heldu gara; aurrekontuak onartu ditugu urtero, aurten izan ezik, baina normala hori ere hauteskunde urtea izanda. Hori gizarteratzeko edo gizartean ikustarazteko zailtasunak izan ditugu, batik bat, indartsuak diren hedabideek ez digutelako lagundu.

Hauteskundeetako emaitzen ze irakurketa egiten duzu? Baduzu sentsazioa zerbaitetan huts egin duzuela? Zuen kudeaketa lanak izan du eraginik emaitzetan?
Guk ez dugu asko galdu. Egia da aktibatu egin dela lozorroan zen boto bat eta hori EAJk eskuratu duela. Baina 18 lortu ditu eta guk 17. Bestalde, Podemos ere agertu da, gobernuan egoteak desgastea ekarri digu batez ere ondo egin ez ditugun gauza txikiak oihartzun handia eman zaielako. Eskumak ez zuen onartu ezkerreko abertzaleak Gipuzkoako eta hiriburuko erakunde nagusian gobernatzea. Eta kontra izan ditugu Vocento, Munilla, Adegi… Baina lasai nago. Zoru elektoral indartsua dugu. Itzuliko gara erakundeetara, berandu baino lehen.

Zerga politika, IBIaren errekargua, kooperatibistei ordainarazi zaien zerga, hiri hondakinak… Horrek guztiak zerikusia izan du azken emaitzan?
Badirudi erakundeek norbere poltsikoa urratzea edo ohiturak aldarazteak haserreak sortzen dituela, finean kontserbadoreak garelako gure bizitza pertsonalean. Aldaketek molestatu egiten dute baina egin behar dira. Kooperatibistena egin behar zen. Legeak ala agintzen zuelako. Bestelakoa oso injustua zatekeen beste langileekiko. Bigarren etxea duenak urtean ehun eurotik gora ordaintzea ez da horrenbesteko ahalegina. Inor ez dugu opor barik lagako.

Hasier Arraizek egindako autokritikarekin bat egiten duzu? Azkarregi joan nahi izan duzue?
Azkarregi? ez ditugu gauzak horrenbeste aldatu. Nahiago nuke gauzak gehiago aldatzea. lau urte tarte laburra da aldaketa sakonak egiteko. Ezin gaitezke halakoetan eztabaidatzen hasi, bestela, ez ditugu inoiz sakoneko aldaketak egingo.

Erabakirik hartuko dituzue azkeneko egun hauetan?
Ez zaigu zilegi iruditzen une honetan erabaki pisuzkoak hartzea. Aurrekoek ez zuten horrela egin. Kreditu aldaketa inportanteak egin zituzten.

Presentzia nabarmena izan du Debagoienak Foru Aldundian.
Hiru diputatu izan dira, baina modu naturalean izan da hori. Eskualde guztietako jendea izan dugu. 62 lagun aritu gara lanean eta toki guztietakoak izan ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak