Ander Rodriguez: "Borroka soziala eta instituzionala arrakastaz uztartu ditugu"

Eneko Azkarate 2015ko eka. 27a, 07:00

Alternatiba alderdiak izan du Foru Aldundian gizarte politiken ardura eta saila zuzentzekoa Ander Rodriguez arrasatearrak. Pozik doa lau urteotan egindako "ikastaro trinkoa" eta gauzak aldatzeko egindako ahalegina direla-eta. Historia ikasketak berreskuratuko ditu unibertsitatean.

Ander, politikan, herrigintzan, Udal mailan, behinik behin, aritua zinen, Arrasateko Udalean zinegotzi, Udal gobernuan ere bai… Espero zenuena aurkitu duzu Diputazioan?
Aurreko agintaldian batzarkide izan nintzen, Ezker batuarekin lehen aldiz eta Alternatibarekin amaieran. Ezagutzen nituen batzar nagusiak. Gutxiago Diputazioa. Geldoa da administrazioa et zailtasunak izan ditugu gauzak aldatzeko. Ez teknikarien partetik, gehiago administrazioaren izaerarengatik.

Ikasgai ona izan da lau urte hauetako esperientzia kudeaketan?
Bai, ikastaro trinko bat izan da. Arrasateko Udalean Udal gobernuan izana nintzen, Lakuntzarekin eta Galparsororekin, baina ezberdina izan da. Eta erdi ikasita etorri behar zara, ze lehen momentutik erabakiak hartzera behartuta zaude. Uztailaren 1ean sartu nintzen eta sartu eta berehala, departamentuko buruak esan zidan 30 milioi euro falta zirela departamentuak urtea amaitzeko. Aurkitu genituen beste departamentu batzuetan eta lortu genuen dirua, bereziki, gizarte politiketan murrizketak saihesteko edota egoitzetako plazak ez murrizteko.

Egindakotik edo hartutako erabakien artetik zerekin geratuko zinateke?
Mendekotasuna duten pertsonek eta haien zaintzaileen egoera hobetzeko hartu ditugun erabakiak azpimarratuko nituzke, bereziki, Espainiak ezarritako murrizketak ez ditugulako aplikatu Mendekotasun Legean.

Gipuzkoako jendartea solidarioagoa eta berdintsuagoa da orain, duela lau urte baino?
Gustatuko litzaidake baietz esatea, baina datuek bestelakoa diote. Badira ezberdintasun bertikalak eta horizontalak. Bertikalei dagokienez, saiatu gara e¡desberdintasunak leuntzen, baina areagotu egin dira Gipuzkoan. Ez ditugu hainbat eskuduntza egoera horri aurre egiteko. Agintaldiko lehen bi urteetan erabaki batzuk hartu genituen, baina EAJ, PSE-EE eta PPk bat egin zuten gure proposamen fiskalak atzera botatzeko. Bestetik, ezberdintasun horizontalak ere badira, emakumezko eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak eta hor aurrerapausoak eman ditugu. Oro har, esan behar dut, halere, gipuzkoarrok gaur egun duela lau urte baino eskubide sozial gehiago dauzkagula.

Horren jakitun bagara?
Gure gabezia izan da pedagogia politikoa ez egitea. Ezkerrak azken 30 urteotan izan duen arazoa da.

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak aitortu du, akaso, azkarregi joan nahi izan duzuela. Ados zaude?
Ez da abiadura kontua izan. Hanka sartze nabarmena izan dugu. Nahastu ditugu hegemonia instituzionala eta soziala. Lehenengoa bageneukan, baina ez bigarrena. Gobernuaren beharrei aurre egiteko kalea, hein batean, albo batera utzi dugu. Hori errekuperatu behar dugu eta erakundeetan egoteaz gain kalean ere lan egin behar dugu.

Urteak daramatzazu herrigintzan, politikan, Udal mailan, Diputazioan… Orain, ostera, erakundeetatik kanpo… Aurrerantzean, ze egingo duzu? Nora zoaz?
Ikasi. Historiako karrera amaitu nahiko nuke. 17 urte nituela, ikasleen sindikatuan sartu nintzen unibertsitatean eta harrezkero politikan edo erakundeen kudeaketan jardun dut. Aurrerantzean gehiago eskainiko diot espazio pertsonalari.

Alternatiba da EH Bildu koalizioko alderdirik txikiena. Desitxuratuta geratu da koalizioaren barruan?
Gure ekarpena kualitatiboa izan da. Gobernuan pisuzko ardurak izan ditugu eta ekarpen garrantzitsua egin dugu. EH Bildu koalizio poliedrikoa da eta horren hertz bat Alternatiba da.

Zerga politika, IBIaren errekargua, kooperatibisten zerga, hiri hondakinak… Horrek guztiak zerikusia izan du azken emaitzan?
Kooperatibisten zerga ez aplikatzea arauen kontra egitea zen eta erakunde publiko batek ezin ditu arauak urratu. Kooperatibistan Arrasaten eta Bergaran badira, baina baita Oñatin ere. Eta Oñatin EH Bilduk irabazi du berriro. Beste gako batzuk daude. Gure proiektua ondo azaldu behar dugu kalean. Edozelan ere gizakiak gara eta hanka sartzeak egin ditzakegu. Egin ditugu eta aldatu beharrekoak aldatu beharko ditugu.

Martin Garitanok liburua idatziko du Diputazioko lau urteotako esperientzia kontatuz. Zuk?
Ez, ez, Garitanok dituen dohainak ez ditut idazketarako. Hari utziko diot zeregin hori, baina beldur apur bat ematen diot. Anekdotaz josita egongo dela imajinatzen dut, hortaz… Ea zer kontatzen duen…

Zein izango da hartuko duzun azken erabakia?
2,6 milioi euroko partida onartuko dugu egoitzetako milaka langileren lan baldintzak hobetzeko.

Hartutako zein erabakirekin zaude bereziki harro?
Egoitzetako langileen lan baldintzen oreka horiek errotik aldatu ditugu. Borroka soziala eta instituzionala uztartu ditugu eta arrakastatsua gertatu da.

Bizi ohiturak aldatu dituzue azken lau urteotan?
Ez, garraio publikoa hartzen dut egunero, astialdian futbolean aritzean dut gustuko, lagunekin ibiltzea. Niretako denbora gehiago izango dut, ikasteko eta irakurtzeko, batik bat. Ordu asko eman ditut Diputazioan, lehen ordutik gauera bitartea, astelehenetik domekara ordutegi jakin barik. Erakundeetara etorri gara gauzak aldatzera eta ordu piloa eman dugu, lan handia egin dugu.

Ez dizu pena ematen hasitako lanari jarraipena emateko aukerarik ez izateak?
Lau urte baino gehiago behar dira gauzak aldatzeko, egia da. Hauteskunde biharamunean taldearekin batzartu nintzenean, jendea ez zegoen bere etorkizunagatik kezkatuta. Kezka zen hasitako proiektuak ze norabide hartuko zuten. Horrek harri sentiarazten zaitu. Atzerapausoak emateko arrisku nabarmenak daude, jakina. Dena den argi geratu da gauza batzuk alda daitezkeela, azkeneko hamarkadetan sinistu arazi badigute ere ezinezkoa zela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak