Larraitz Ugarte: "Erantzukizunez gobernatzera etorri ginen herritar zibilak gara"

Eneko Azkarate 2015ko eka. 26a, 18:00

Foru Aldundiaren irudietako bat, aurpegi ezagunenetakoa, besteak beste, martitzen guztietan hedabideen aurrera atera behar izan delako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri ematera. Abokatua izaki, zuzenbide lanera itzuliko da, baina aurretik uda sasoia hartu nahi du alabekin egoteko.

Abokatu lanetara itzuliko zara berriro ere?
Lau urteko beste esperientzia bat izan da. dena den, asko lagundi dit abokatu izatea diputatu funtzioan.

Diputazioaren aurpegi ezagunenetakoa izan zara. Ze moduz?
Oso ondo. Hedabideak ez dira izan arazo eguneroko kudeaketan. Ondo moldatu naiz kazetarien aurrean, komunikabideen alderik ilunena ezagutu badut ere. Diputazioa denon ahotan, hedabideetan egon da, Donostiako Udala bezala, eta diputatuak ezagun egin dira. Azterketa behin eta berriro gainditu behar izan dugu, sistema aldatzera gentozelako. Gainera, beste batzuk gutaz sekulakoak esan dituzte, kazetaritza fakultateetan aztertzeko modukoak. Hasieran haserre dezente eragin didate hainbat albisteren trataerek eta lerro buruek. Injustua izan da Diputazioari eta Donostiako Udalari egin zaion trataera. kazetari asko lerrokatuta egon dira gu erakundeetatik botatzeko. Misio moduko bat izan da haiendako. Gogorra izan da. Prentsaurreko bat eman, ustez dena ondo egin. Edizio digitalean berri agentzien bitartez ondo informatu eta hurrengo egunean paperean dena desitxuratuta ikustea. Ustez herritarrendako albiste on bat denari zela ematen zaion buelta. Berdin telebista publikoan. ETB ez da inpartziala izan Aldundiarekin. Beste hedabide batzuk errespetuz eta neutraltasunez tratatu gaituzte. Kontuak kontu oso komunikazio talde ona izan dugu eta lan handia egin dugu. Esperientzia polita izan da.

Uste zenuena aurkitu duzu erakundean?
Master moduko bat izan da. Pertsona oso politizatua izan naiz, oinarrizko militantea. Eta erakundeei ez diet erreparatu. Bestelakoa da erakundeetan, pentsatzen duzun hori alde praktikora eroaten saiatzen zarenean. Giza taldea, funtzio publikoa, administrazioa, funtzionarioak… Errepideetan eta mugikortasunean murgildu naiz. Ez zen nire alorra. Baina moldatu naiz. Administrazioa makineria geldoa da. Eta irudikatu nahi genuen aldaketa. Gure helburua ez zen alternantzia soila. Ustelkeria bako administrazio gardena, aldaketa egin nahi zuena irudikatzen genuen. Letra txikira sartzerakoan zailtasunak aurkitzen dituzu, eragin handia dutelako zure erabakiak. Eta, zentzu horretan, adrenalina handia, poztasuna…, baina gogorra ere bada. Bestetik, bakartua ere bada lan hau. Taldea baduzu, baina, azkenean, hedabideek Ugarte aipatzen dute. Hori zeu zara. Eta hori ere gogorra da.

Egindakoarekin gustura? Zerekin, bereziki, gustura?
Politika zehatzengatik baino gehiago, bereziki harro nago herritar zibilak izanik, eta ez politikari profesionalak, herria herritarrendako gobernatzera etorri garelako. Oso inportantea da gauzak zela egiten diren, arauak errespetatuaz. Denei aukera berdina emanez. Klienterismorik barik. Hori zaindu dugu eta harro sentiarazten nau. Bestetik, inoiz baino abertzaleago izan da Diputazioa eta ezkerreko politikak egin ditu: zerga, garraio publiko… kontuetan. Ez ditugu murrizketak egin. Errauste planta geldiarazi dugu…. Lurralde osorako gobernatu dugu. Ahalegina egin dugu hiriburutik harago gobernatzeko, baita herri txikienetan ere. Agian gehiago luzitzen duen kontuetarako ez dugu eduki. Baina aurrerantzean gauza batzuk ezingo dira egin eta epe luzera nabarituko da gure eskua.

Duela lau urte, 2015ean bost edukiontzien bidez hiri hondakinen %77 gaika jaso zitekeenik pentsa genezakeen?
Duela lau urte datuek kontrakoa esaten zuten. Agintaldian eztabaida hori sortu da eta, alde horretatik, onerako izan da. Pedagogia egiten saiatu gara. Boto galera ekarri digula? Etorkizuneko, epe luzeko, bisioa eduki behar da. Politika eraldatzailek egitera etorri ginen eta ez gure alderdia elikatzera. Kontrako korrontea antolatu arren, erantzukizunez gobernatu behar da eta hori egi dugu.

Zerga politika, IBIaren errekargua, kooperatibistei ezarri zaien zerga, hiri hondakinak… Horrek guztiak zerikusia izan du azken emaitzan?
lau urteotan eraso handia izan dugu. Egunero.egunero hedabideak egotea Aldundiaren politikak zalantzan jartzen, eskandaluak irudikatzen, alarma sozial pizten… Horrek eragina izan du. Zirimiria bezala, azkenean busti egiten zaituela. Gure bozka galera ez da horren handia izan. Faktore ezberdinengatik.

Arantzarik geratzen zaizu? Zerbaitetan huts egin duzun sentsaziorik? Zerbait hobeto egin zitekeenarena?
Denbora falta izan zaigu. Labur egin zait. Batik bat epaitegietan ez dugu denborarik izan esaten genituenak aurrera egin zezan. Uste dut epaile batek baieztatuko duela Diputazioak zioena. Ez da hauteskunde interesengatik egin. Delitu batzuek egin dira, hiru milioi euro falta dira. Gipuzkoarroi kendu zaigu beste enpresa batzuei emateko eta horretarako dokumentu batzuk faltsutu dira. Hori da uste duguna. Espero dut oraingo gobernu berriak kereilak ez kentzea. gaia ikertu egin behar da azkeneraino. Ikertu behar da egitate isolatua izan den ala gauza ohikoa izan den.

Gipuzkoan, EAJrekin harremanak oso gaiztotuta daudela esan dute behin eta berriro Gipuzkoako EAJko buruek. Bidegi kasua dela-eta, zuzen ez jokatzea leporatu dizute…
Kereilatuak ez dira EAJkoak. Bestetik nire galdera da: zer egin behar dugu irregulartasun bat antzematen dugunean, beste alde batera begiratu, gure arteko harremanak ez gaiztotzearren? Beste edozein delitu motatzat hitz egiten egongo bagina? Ezin dugu prebarikatu. Bestetik, frogak peritu independenteek egin dituzte eta EAJk ez dio horri erantzun. Eta Aranaren kasuan PPk berretsi du guk esaten genuena eta hori Arabako diputazioko teknikoek egin dute.

Diputazioaren kudeaketari zigor modua hartzen duzu EH Bilduren hauteskunde emaitzak?
Hasieran pena handia hartu nuen, baina herritarrek beste aukera politiko bat hobetsi dute orain. Duela lau urte beste kanpo faktore batzuk egon ziren, egoera politikoa, hiru alderdiren ahalegina koalizioa eratzeko, beste ilusio apar egin zen. Orain, erantzukizuna sentitzen dut, baina kudeaketaren zama ez da karga nagusia, nire ustez.

Zer egingo duzu aurrerantzean azken lau urteotan egin ezin duzuna?
Egia esan, sevillanak ikasteko gogoa daukat eta Arrasateko Al Andalusen emango dut izena. Orain da aurtengo nire erronka pertsonala eta, bestetik, alabekin egotea. Uda aprobetxatuko dut amatxorena egiteko eta irailean hasiko naiz lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak