Behin izendapena jasota, ordurako bere ideiak adierazi dituela, eta sentimenduak adierazteko grina duela esan du eta une horretan sentitzen zuena maitasuna dela gaineratu; maitasun hitzak izan ditu bere gertukoentzat eta Euskal Herriarentzat eta hitz eman du sentimendu horri bide emango diola bere eguneroko lanean. Gipuzkoako ereserkiarekin bukatu da goizeko lehen orduan hasitako saioa.
EAJk eta PSE-EEk lurraldeari eta Foru Aldundiari "egonkortasuna" emango dietela adierazi du Markel Olanok gaurko Batzar Nagusietako inbestidura saioko hitzaldian. Errauste planta egingo dutela, aberastasun eta fortuna handien zerga aldatu egingo dutela eta Etzegarate eta Irun artean kamioien matrikulak irakurtzeko gailu bat jarriko dutela adierazi du. Baina sustapen ekonomikoa eta enplegua izango dira bere lehentasunak, azaldu duenez.
EH Bilduko Xabier Olanok, bere aldetik, azken lau urteetako agintaldiari erreferentzia eginez, esan du ikusi dela Gipuzkoan politika "beste era batetara" egin daitekeela; eta gaineratu du bera buru duen proiektuak "urte horietan emandako aurrerapauso sozialetan atzera ez egitea bermatuko" duela. Gipuzkoan erabakitzeko eskubidearen aldeko gobernua osatuko duela bermatzen duen hautagai bakarra bera dela ere esan du Xabier Olanok.