2007an eskuratutako kargura itzuliko da Markel Olano gaur, ezustekorik ez baitute espero, alderdi guztiek argitu dituzte-eta asmoak. Jeltzaleek, EH Bildu bigarren indarrari eserleku bakarreko aldea soilik aterata, PSE-EEren babesa beharko dute hautaketan. Gobernua ere sozialistekin osatuko dute jeltzaleek, elkarren arteko akordioa betez. Hala, EAJren 18 batzarkideen botoei sozialisten 9ak batuko zaizkie eta gehiengo absolutua gauzatuko dute bi indarrek.
EH Bilduk 17 batzarkide ditu Batzar Nagusietan. Alderdi nagusiez gain, agintaldi honetan beste bi indar politikok osatzen dituzte Batzar Nagusiak: Podemos-Ahal dugu iritsi berriak, 6 batzarkiderekin eta PPk, batzarkide bat besterik ez duena gaur egun. Ez batak ezta besteak ere ez, adierazi dutenez, ez dute hautagai baten alde egingo bozkan.
Hagatik, ezustekorik ez da espero gaurko saioan eta aurreikuspena da 19:00etatik aurrera Gipuzkoak Ahaldun Nagusi berria izatea: Markel Olano jeltzalea. Ordezkariek hitzaldi guztietan denbora agortzen badute, beranduenez, 19:45ean hartuko du kargua Olanok.