Foru Aldundiak Optimize-ren proiektua erretiratu du eta beste batean ari da lanean Candyrendako

Eneko Azkarate 2015ko api. 30a, 19:40

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Mondragon Unibertsitateak eta Price Waterhouse Coopers aholkularitza enpresak Optimize-k Candyrentzat aurkeztutako negozio-planaren bideragarritasuna "sakon eta arduraz" aztertu dutela dio Foru Aldundiak. Baina azterketak ondorioztatu duela proiektuak oraindik ez daukala "nahikoa heldutasun" Candyren ezaugarriei erantzuteko. Hala eman du aditzera hedabideetara bidalitako ohar baten bidez. 

Optimizek aurkeztutako egitasmoak berrindustrializazioaren baldintza guztiak betetzen zituela dio oharrak, eta horregatik erabaki zuela Foru Aldundiak "sakon aztertzea" egitasmoaren bideragarritasuna. Baina azterketak ondorioztatu duela proiektuak oraindik ez daukala nahikoa heldutasun Candyren ezaugarriei erantzuteko.

Horregatik, Foru Aldundiak proiektua erretiratu du eta dagoeneko "beste aukera batzuk aztertzen" ari da, Mondragon Unibertsitatearekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmena egina du Mondragon Unibertsitatearekin berrindustrializazio planen garapena jorratzeko, eta haren baitan hainbat ildo aztertzen ari da Candyrendako.

Azterketaren ondorioak gaur aurkeztu zaizkio Candyko Langile Batzordeari Donostian, Foru Aldundiaren jauregian, eta langileen batzarrari, Bergaran bertan.

Foru Aldundiak Candyrentzat irtenbide bat bilatzeko ardura hartu du bere gain; "bide hori Langile Batzordearekin egiten ari da, zorroztasunez eta seriotasunez, eta berdin jarraitzeko asmoa du" adierazi dute Diputaziotik.

Langileen ordezkaritzak bide horretan jarraitzeko mandatua eman dio gaur Foru Aldundiari, eta honek "irekita dituen lan ildoen berri" emango dio datozen asteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak