Langileen ordezkarien iritziz, Foru Aldundiak "ez du aurkeztu aldez aurretik beraiekin adostutako baldintzak betetzen dituen planik", proiektu horrek "langile gutxi batzuendako lanpostuak bakarrik" proposatzen dituelako. Hala adierazi dio GOIENAri langileen ordezkari batek.
Horretaz gain, ohar bat bidali dute langileek hedabideetara, haien ikuspuntua azalduz.
Hemen, oharra, osorik:
"Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du aurkeztu aldez aurretik beraiekin adostutako baldintzak betetzen dituen planik. Beraz, Enpresa Batzordeak honakoa adierazi nahi du:
- Etorkizuneko edozein planek Candy berrindustrializatzeko akordioan jasotako eskakizunak bete behar ditu, enplegua eta lan-baldintzak mantentzeari dagokionez.
- Prozesu honetan sobera daude argazkiak, pose mediatikoak eta alderdien arteko lehia; halaber, partekatutako lana, parte hartzea eta informazioa falta dira.
- Bada garaia herri honetako erakundeek enpleguarekiko eta berrindustrializazioarekiko benetako konpromisoa har dezaten. Oraindik garaiz daude.
- Komunikabide batzuk hedatzen duten desinformazio interesatua oztopo larria da Candyko langileen etorkizunerako; horregatik, Enpresa Batzordeak exijitzen du manipulazio hori amai dadila.
- Enpresa Batzordeak Candyko langileen etorkizunaren aldeko borrokan jarraituko du. Eta irtenbide bat topatu nahi dutenekin lan egiteko gure konpromisoa tinkoa da".