Azken orduotako euriteen ondorioz, Gipuzkoako hainbat ibaik gainezka egin dute eta beste batzuk egiteko zorian daude. Horrekin batera, itsasoaren egoera ere arriskuak sor ditzake kostaldeko herrietan eta errepideetan. Larrialdi egoera horiek sor ditzaketen arazoei aurre egiteko Larrialdietarako Foru Plana aktibatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Egoera horren aurrean hartu diren neurriak honakoak dira: Bai Esan zerbitzua pertsonal gehiagorekin indartu da eta suhiltzaile-parkeetan larraldietarako prestatu dira; elur palak prest dituzte eta txandaz kanpoko efektiboak ere alertan daude edozein esku-hartzerako prest.
Ibaien egoerari dagokionez, Debako arroa alerta gorrian dago Oñatin; alerta laranjan, San Prudentzion; eta alerta laranjatik gertu ere Altzolan. Oriako arroa alerta horian dago Lasarten, eta Urumearen ur maila ere alerta horira iristen ari da.
Gipuzkoako Larrialdietarako Foru Plana EAEko Segurtasun Sailaren Uholde Larrialdietarako Plan Berezian integratuta dago. Segurtasun Sailak 2. egoeran aktibatu du plan hori eta, beraz, Foru Plana eta udal guztien planak ere aktibatuta gelditzen dira.
Euriteetako aholkuak
Plan Berezi horrek hainbat aholku ematen ditu euri-jasak gertatzen direnerako, ondorio txarrak saihesteko
edo ahalik eta gehien murrizteko.
Prebentziorako neurriak:
- Ez ibilgailurik utzi ez eta kanpin egin ibilgu lehorretan edo ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gora edo gainezka egitea.
- Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
- Ahal baduzu, ez hartu autoa.
- Bidaiatu beharra baduzu, ahal duzula, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta ikusi ezinik bazabiltza, gelditu leku segururen batean.
- Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
- Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.
- Larrialdietan hartu beharreko neurriak:
- Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez: urak indar handia dauka eta eraman egin zaitzake. Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen bazaizu, itzali argiak eta irten autotik.
- Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon; ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
- Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik albait azkarren.
- Etxea utzi beharra badaukazu, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura. Gainera, utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
- Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
- Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.