Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak egin du 49. Durangoko Azokaren balorazioa. Harekin batera agertu dira Lutxo Egia, guneen izenean; Olatz Osa, Euskal Editoreen Elkartearen izenean, eta Amets Rodriguez, Musika Industriaren Elkartetik.
"Azoka bizi"
Azokak entzun egin duela; Azokan berba egin dela; Azoka bizi egin dela; Azoka, euriaz aparte, ilusio, umore eta kultura disfrutatzeko gogoaz busti dela, eta Azoka sorkuntzaz bete dela azpimarratu du Nerea Mujikak.
Bisitari kopuruari dagokionez, iazko kopurua gainditu da, iazko kopurura helduz lehen egunetan: 120.000 bisitari. Bereziki, Ikasle Eguna izan da azpimarratzekoa: ikasleen kopurua bikoiztu egin delako, "antolaketan egin den ahaleginari esker", Nerea Mujikaren esanetan.
Gogoetaren Plaza ondo
49. Durangoko Azokak aurkeztu dituen nobedadeen artean, sektorearen kezkak eta erronkak aztertzeko eta konpartitzeko aurten abiatu den Gogoetaren Plazan jendeak ondo erantzun duela eta sektorearentzako beharrezko diren hausnarketak entzun direla nabarmendu du eta sektorearekin gaitegia landuz, ildo beretik jarraituko duela aipatu du.
Auto ekoizleendako plaza konpartitua ere berriro errepikatzeko asmoa agertu du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak: "Lehenengoz etorri dira eta euren lana ezagutzera eman dute, publikoarekin harreman zuzena sortu, saldu ere bai… Balorazio positiboa egin dute".
"Sektoreari ikusgarritasuna"
Laburtuta, Azoka arrakastatsua izan dela azpimarratu du Nerea Mujikak: sektoreari ikusgarritasuna eman, sortzaile eta publikoaren harremanak sustatu eta kultur ekitaldi gehienak jendez bete direlako.
Lutxo Egiak guneetako balorazioa aurkeztu du eta Mujikaren hitzekin bat egin du. Durangoko Azokan sortzaileak eta publikoa "parez pare" aurkitzen direla, horrek izaera berezia ematen diola Durangori eta, horregatik, sortzaileek haien leku sentitzen dutela adierazi du Ahotsenea sortzaileen guneko koordinatzaileak.
"Askoren artean"
Parte hartzea zentzu guztietan nabarmenduz, askoren artean egiten den Durangoko Azokaren erantzunak bere eredua berresten duela ere adierazi du Egiak.
Gerediagako presidenteak, bestalde, konpondu beharreko batzuk ere aipatu ditu: "euri zaparraden ondorioz izan diren itoginak edota leku batetik bestera egon den tenperatura aldaketa handiak". Bestetik, barkamena publikoki eskatu nahi izan die proiekzio batzuetan izandako arazo teknikoengatik minduta sentitu diren zinema zuzendariei.
Azoka erakusleiho
Sektorearen erreferente diren heinean, Durangoko Azokan ordezkaritza handiena duten Euskal Editoreen Elkarteak eta Musika Industrien Elkarteak ere egin dute balorazioa. Bai Osak eta baita Rodriguezek ere nabarmendu dute azokaren erakusleiho izaera, sortzaileen garrantzia eta salmentak iazko berdintsuak izango direla azpimarratuz.
Datorren urtean 50
Datorren urtean Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Azokak 50 urte beteko dituzte. Lanean dagoeneko hasita, "atzera begirakoez gain, Azokaren antolakuntzan etengabeko hobekuntza" oinarri izatea lehenetsiko dutela esan du Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak.