Durangoko Azoka

Euskal kulturari buruzko telebista tematikoa Durangoko Azokan, Goienaren eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abe. 5a, 08:38

Durangoko Azokan izango den Azoka Telebistak berrikuntzak izango ditu aurtengo edizioan; besteak beste, bertako platoan ekoitzitako zuzeneko saioak eskainiko ditu. Goiena Komunikazio Taldeak kudeatuko du Azoka Telebista gunea, hainbat tokiko telebista eta erakunderekin elkarlanean.

OIHANE AGIRRE | Goiena Telebistako zuzendaria

"Egunero, bi 'Azokan gaur' magazin egingo ditugu platotik zuzenean"
"Ikusleek ere tokia izango dute platoan; saioetan parte hartzeko aukera, beraz"

Gune propioa izango du aurten Azoka Telebistak.
Bai, hala da; inoiz baino presenteago egongo da Azoka TB. Gune horretan kokatuko da Azoka Telebistaren platoa. Ikusleentzako tokia ere izango da platoan; beraz, bertatik bertara elkar eragiteko aukera izango dute ikusleek, saioetan zuzenean parte hartuta.


Zergatik aldaketa horiek? Eta zeintzuk dira aurrekariak?
Azoka Telebista agerikoago egin nahi genuen; eskaintza propioa izango duen gune bat izan nahi genuen, nahiz eta beste guneetatik elikatzen jarraituko duen. Azoka Telebista sortu genuenean, azokaren leihoa izateko helburuaz sortu genuen; hau da, azokak Durangoko mugak gainditzeko asmoz. Aurten ere azokaren leihoa izaten jarraituko du, baina, horrez gainera, Landakon bere espazio propioa izango du.


Espazio propioa eta programazio zabala ere bai.  Zer erakutsiko da?
Lau egunez, euskal kulturari eskainitako telebista tematiko bat ekoiztuko dugu; itzela da hori! Goizetan eta arratsaldeetan ekoiztuko ditugun Azokan gaur magazinak nabarmenduko nituzke, batetik. Momentuko kontakizuna egingo dugu saio horietan, azokan han eta hemen gertatzen dena zuzenean erakutsita. Miren Arregik eta Txomin Madinak aurkeztuko dituzte saio horiek.
Bestetik, Amaia DJ saioa ere aipatu gura nuke, bertan ekoiztuko dugu-eta normalean Goienako platoan egiten dugun saioa. Musika da saioaren ardatza eta labetik atera berri diren bideoklipak aurkeztuko ditu Amaia Txintxurretak, eta baita hainbat musikari elkarrizketatu ere.
Saio horiez gainera, elkarrizketa saioak ere badira Azoka Telebistaren programazioan.
Tokiko telebistetan erakusten ari garen Kulturrizketak saioa berreskuratuko dugu, batetik; eta horrez gainera, zuzeneko hainbat elkarrizketa saio ere egingo ditugu.


Era berean, beste telebista batzuen plato ere izango da.
Horrela da, bai; EITBk B aldean saioa ekoiztuko du bertan eta Hamaika telebistak, berriz, Landakoenea saioa.
Aurreko edizioetan moduan, Azoka Telebistako saioak ikusteko hainbat bide ditugu.
Saioa bertatik bertara ikusi ahal izango da Landakon dagoen platoan, eta baita Areto Nagusiko pantaila handian ere. Baina Durangotik kanpo ere ikusi ahal izango da: streaming-ez, batetik, eta euskarazko tokiko telebistetan, bestetik. Honako telebista hauek osatzen dute sarean, bada: Goierri telebistak, Erlok, 28. Kanalak, Hamaika telebistak, Oizmendi telebistak eta Goiena telebistak.


Zelakoa izango da lantaldea eta nolakoa antolaketa?
Bederatzi lagunek jardungo dugu egunero lanean: kazetariek, errealizadoreak eta kameralariek osatutako taldea izango da. Azokak duen ordutegian eta egutegian, eten barik emitituko dugu; hau da, azokak ateak zabaltzen dituenean hasiko gara eta ateak ixten dituenean amaituko dugu emisioa. Durangoko Azokari eskainitako kanal tematikoa izango da.


Elkarlanean oinarritutako telebista ekoizpena izango da.
Bai, horixe! Goienak, EITBk eta Hamaikak gune horretan bat egingo dugu Azokako Telebistarendako saioak ekoizten.

Erlazionatuak

Kulturaren plazak azken eguna gaur

Txomin Madina Milikua 2014 abe 08 Debagoiena

Saltokia baino gehiago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 abe 05 Debagoiena

Aurkezpenen ordutegiak

Jon Berezibar 2014 abe 05 Debagoiena

Debagoieneko sortzaileen lanak, aurtengo Azokan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 abe 04 Debagoiena

Durangoko Azoka hasteko gertu

Mirari Altube Arrese 2014 abe 04 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak