Durangoko Azoka

Saltokia baino gehiago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko abe. 5a, 09:23

Gaur, egubakoitza, zabaldu dute Durangoko Azoka; ohi bezala, lau egunez izango da zabalik, astelehena barne. 245 erakusmahai izango dira eta 150 kultur ekitaldirekin osatu dute egitaraua; horietan, 500 sortzaileren parte hartzea izango da. 

Argizaiola saria Anuntxi Aranak jasoko du; euskal mitologiaz idatzi du eta hark defendatu zuen lehenengo aldiz Iparraldean euskaraz tesia. Euskal Herriaren mugakide eta bizikide den herrialdea, Okzitania, izango da aurten herrialde gonbidatu Frantses Filologian lizentziaduna da Anuntxi Arana, eta, besteak beste, AEK-ko irakasle izan da Baionan, EHEko kide ere bai, eta bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa ere bai. Gaur egun Angelun (Lapurdi) bizi da. Aranaren lan nagusia 1996koa da, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia.  Euskal kultura sustatzen egin duen lana aitortu nahi dio Durangoko Azokak Argizaiola saria emanda. Bihar, zapatua, jasoko du, San Agustin Kultur Gunean, 20:00ean.

Okzitania, gonbidatua

Euskal Herriak eta Okzitaniak elkarren artean lotura badutela diote Gerediaga elkartekoek, baina neurri batean ezezagunak ere badirela; horregatik, bada, elkarren arteko ezagutzan sakontzeko  prestatu dute aurtengo egitaraua; esate baterako, hitzaldiak izango dira: euskarak eta okzitanierak historikoki izandako harremanen ingurukoa, adibidez.  Era berean, hizkuntza gutxituek sareko baliabideak nola erabil ditzaketen ere aztertuko dute. Arlo horretan ere,  euskaldunak eta okzitaniarrak elkarrekin ibiliko dira, Internetez emititzen duen OCtele okzitanierazko lehenengo telebista ere Durangoko Azokan izango da-eta. Gaztetxoenei begira, Maite Franko ipuin kontalariak Jan de l’Ors-en kondaira kontatuko du Saguganbara gunean.  

Guneetan berrikuntzak

Aurtengo berrikuntza nagusiak guneetan egin dituzten aldaketak izan dira: Areto Nagusian eta Ahotsenea gunean izan dira aipagarrienak. Landakoguneko Areto Nagusia ohiko liburu eta bestelako proiektuen aurkezpenak egiteko lekua izateaz gainera, Gogoetaren Plaza bihurtu dute aurten, euskal kulturaz jardun, eztabaidatu eta hausnartzeko espazioa, hain zuzen ere. "Azken baten, non gauden eta norantz goazen aztertzea da helburua hiru gai hizpide hartuta: hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa eta transmisioa", azaldu zuen Nerea Muxikak, Gerediaga elkarteko presidenteak.
Ahotsenean, berriz, bat beharrean bi karpa izango dira aurten, sortzaileen aldetik izan duten eskaria aintzat hartuta.

Autoekoizleei ere tokia

Sortzaile guztiek Kulturaren Plaza Nagusian euren lekua izateko ahalegina egin eta gero, hamasei autoekoizle batu dituzte aurtengo edizioan, bereziki horientzako prestatutako espazioan. Horien artean dago Maite Toledo antzuolarra; poesia eta ilustrazioa konbinatuta bi lamina egin ditu.   

Korrikak, azokari omenaldia

Korrikak euskararekin zerikusia duen eragileren bat omentzen du, eta datorren urtekoan, 19. edizioan, Durangoko Azoka izango da aukeratua; abenduaren 7an, domekan, egingo dute omenaldi ekitaldia, Durangon bertan.   

Kameratoia lehiaketa ere bai

Durangoko Azoka saltoki bat baino gehiago dela erakusten dute egitarauan batutako ekitaldiek; horien artean dago Topaguneak antolatutako 10. Kameratoia, film laburren lehiaketa. Irudienea ikus-entzunezkoen plazaren baitan izango da, aurten bigarrenez, abenduaren 6tik 8ra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak