Durangoko Azoka

Kulturaren plazak azken eguna gaur

Txomin Madina Milikua 2014ko abe. 8a, 08:00

Lau egunen ostean, 20:00etan esango zaio agur Durangoko Azokaren 49. edizioari. Balorazioen ordua izango da gero, gehien saldu dutenak zeintzuk diren jakitekoa. Azken hiru egunotan ikusitakoak ikusita, ziur zerrenda horretan daudela Gatibu, Berri Txarrak eta Toti Martinez de Lezearen azken lanak. Kopuruak alde batera utzita, Debagoieneko sortzaileen presentzia ere nabarmena izan da Durangon, bai Landakoguneko postuetan, baita Azokaren beste guneetan ere.

Bi karpa izan dituen Ahotsenean, debagoiendar ugarik aurkeztu dituzte euren azken lanak. Egubakoitz goizean bertan, John Anduezak San Ferminetan Lesakan liburuaz jardun zuen gaztetxoz lepo bete zen aurkezpenen karpan. Arrasatearrak, Prime time liburua ere eroan du Azokara.

Zuzenekoen karpan, Debagoienean askotariko musika estiloak lantzen direla ikusi da. Egubakoitzean AIN_1ek jo zuen; eta zapatuan, arrasatear gehiago igo ziren agertokira: Angerrekoak eta Gosekoak. Azken horiek Gosariak lana aurkezteko emandako kontzertuan bete egin zen karpa, eta emanaldi horretaz gain, Plateruenaren hamargarren urteurrena ospatzeko Hegoak erein jaialdian hartu zuten parte zapatu gauean. Atzo, ikusleak dantzan jarri zituzten Bergarako Emon taldekoek Sua diskoa aurkezteko kontzertuan, eta Arrasateko hainbat musikarik, Hainbat ohe huts diskoko kantuak jo zituzten.

Kontzertuak eman ez arren, ibarreko beste hainbat musikari ere egon dira Durangon, tartean, Juan Karlos Irizar eta Ruper Ordorika. Azken hau zapatuan izan zen Azokan Lurrean etzanda diskoa sinatzen, eta pilatu zen jendea bere postuan.

Fermin Etxegoien oñatiarra ere izan da Azokan hamabi elkarrizketaz osatutako Eutsiko diogu? liburuarekin.

Irudienea, Areto Nagusia...

Ikus-entzunezkoen plazan, Irudienean, Iban Gonzalez arrasatearrak Kalesarean dokumentala aurkeztu zuen zapatuan, eta Aitor Arregiren Zarautzen erosi nuen film laburra ere eman zuten egun berean.

Autoekoizleek, lekua propioa izan dute lehenengoz eta bertan izan da Maite Toledo antzuolarra. Juan Ramon Garaik, beste egile batzuekin idatzitako Octubre de 1934 en Euskal Herria liburua aurkeztu zuen atzo Areto Nagusian.

Goiena Komunikazio Taldeak kudeatutako Azoka Telebistak bestalde, egunok eman duten guztiaren jarraipen zabala egin du bertatik bertara.

Erlazionatuak

Saltokia baino gehiago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 abe 05 Debagoiena

Aurkezpenen ordutegiak

Jon Berezibar 2014 abe 05 Debagoiena

Debagoieneko sortzaileen lanak, aurtengo Azokan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014 abe 04 Debagoiena

Durangoko Azoka hasteko gertu

Mirari Altube Arrese 2014 abe 04 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak