Aldundiak eta udalek lanera bizikletan edo oinez joateko deia egin diete herritarrei

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aretxabaletako, Arrasateko, Eskoriatzako eta Oñatiko udalek lanerako joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitea sustatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur. Enpresekin elkarlanean eta haiei laguntzak eskainiz ekingo diote proiektu aitzindariari, baina kanpainak herritarren kontzientziazioa izango du oinarri.

"Herritarren kontzientziazioa bultzatu nahi dugu, kontziente izan daitezen autoa hartzen duten bakoitzean, erosoa izan arren, zein eragin sortuko dituzten, bai mugikortasun aldetik baita ingurumenari dagokionean ere" azaldu du Igor Ezpeleta Eskoriatzako Mugikortasun zinegotziak. Horretarako, lantokira oinez edo bizikletaz joateko aukeren "informazio argia" eskainiko diete herritarrei, Lanera Bizikletan ekimenaren blogean (lanerabizikletan.net) zein sare sozialetan. Tresna horiek erabiliz, komunitate bat sortzeko asmoa ere badutela esan du Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, herritarrek informazio partekatu dezaten. "Sare bat osatu nahi dugu, lanera oinez edo bizikletaz joaten direnekin eta bertan altan ematen diren guztiek txartel bat eskuratuko dute" esan du Ugartek.

Horrez gain, bilera infomatiboak egingo dituzte herriz herri, bidegorrien mapa banatuko dute etxeetara eta doako informazio telefonoa ere jarri dute eskura (900 102 716). Hona informazio bileren data zehatzak:

Udalerria Eguna Ordua Lekua
Oñati Urriak 21 19:00 Udalbatzar aretoa
Eskoriatza Urriak 23 18:30 Ibarraundi museoa
Aretxabaleta Urriak 27 19:00 Kultur Etxea
Arrasate Urriak 30 18:30 Kulturate (Jokin Zaitegi gela)

Herriak lotuko dituen ekimena

Udalek gogoz heldu diote proiektu polituari. Arrasaten esaterako, Etxaluze eta Musakola lotuko dituen bizikleta sarearen proiektua onartuko dute aurten, mugikortasun aukerak sendotzeko. Aretxabaletako udalak ere basabeazpi eta kurtzeberriko tarteak hobetuko ditu, baina oinarrizkoena herritarren inplikazioa dela uste du Ana Bolinaga Aretxabaletako alkateak. Hori dela eta, aurre lanketa egin dute guraso elkarte zein eskolekin, eurak eredu baitira haurrentzat, eta "ezinbesteko" faktore baitira etorkizunera begira mugikortasun ohiturak aldatzeko.

Gaineratu dute kanpainan parte hartzen duten herriak egokiak direla ekimena martxan jartzeko, lantegiak gune handitan elkarturik eta bizilekuetatik gertu daudelako. Horrez gain, bailarako bidegorri sareek mugikortasun eroso eta segurua ahalbidetzen dutela ere esan dute, eta horregatik aukeratu dutela debagoiena proiektu pilotua martxan jartzeko ingurune gisa.

Etorkizunera begira

Kanpaina urte amaierara arte egongo da martxan, eta mugikortasun ohiturak aldatzea ez dela erraza aitortu du Ugartek, baina aurreikuspen onak dituztela ere esan du. Debagoieneko ekimena, gainera, aitzindaria izan liteke, ebaluazioan emaitza onak ematen baditu gainontzeko herri eta eskualdeetara zabaltzeko asmoa baitu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horregatik, herritarrei parte hartzeko deia egin diete, "eskualde osasuntsu eta jasangarriago bat" lortzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.