Hondakin inertea Zestoako harrobira eroango du Aldundiak

Zubietako tratamendu mekaniko-biologiko plantatik igaro eta gero birziklatu ezin daitekeen errefusa batuko da bertan. Zestoako Osinbeltzeko harrobian egingo dute depositu hori. Gaur egun ez du inolako erabilerarik eta Aldundiko ordezkarien esanetan, berreskuratu egingo dute, balioan jarri, hain zuzen.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak tratatzeko diseinatu duen azpiegitura-sareari amaiera emateko materia inertea batuko duen depositua jarriko du Zestoan. Osinbeltzeko harrobian egingo dute; gaur egun jarduerarik ez duen Gipuzkoako harrobi handienean.

Deposituak espazio degradatu hori balorizatzeko balioko du, gaur goizean Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatuak azaldu duenez; izan ere, leheneratzea ahalbidetuko du paisaia, ingurumen eta gizarte erabileraren ikuspegitik, eta hori izan da Osinbeltzeko harrobia beste aukera batzuen artean lehenesteko arrazoia.


Zubietako Tratamendu Mekaniko Biologikorako plantatik pasatu ostean birziklatu ezin daitekeena eramango da Zestoako depositura. Iñaki Errazkin Ingurumen  diputatuaren arabera, 2014 urterako 170.000 tona aurreikusi dituzte eta 2016. urtean, hau da, Zubietako instalazioa errendimendu maila gorenean dagoenean, asko jota 160.000 tona hondakin sortuko direla jotzen dute. Horietatik kalkulatzen da 36.000 tona inguru hondakin berreskuratu egingo direla birziklatzeko, hau da, %23a. Beste %30 inguru, lurrundu egingo da tratamendu mekaniko biologikoaren prozesuan, eta beste %43, hau da, 70.000 bat tona, errefusa izango da.

Gipuzkoarrek, eta bereziki, zestoarrek izan dezaketen urduritasun edo beldurraren harira, Errazkinek aurreratu du, Zubietan egingo duten tratamenduaren ostean, harrobira eroango duten errefusak ez duela inongo aktibitate biologikorik izango eta horrela ziurtatu egingo dela usainik ez sortzea, animaliarik ez erakartzea eta lixibiatu kutsatzailerik ez sortzea.

Aldundiak egindako kalkuluen arabera, 15-20 urteko bizitza erabilgarria izango du eta harrobia betetzeko, estaltzeko eta leheneratzeko prozesua amaitu ondoren, 5 urteko epea hasiko da instalazioa mantentzeko lanetarako; eta horren ondotik aisialdi edo zerbitzu eremuak kokatzeko erabili ahal izango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.