Irailari begira, dena den, osagarriak erosteko lehen eskaerak eginda dituztela jakinarazi dute Jorge Parladek, CNA Corporationeko administratzaileak eta Francisco Martinek, Catako zuzendari orokorrak.
Lanpostuetarako lehentasuna
Lanpostuei dagokienez, lehen urtean 500-705 lanpostu artean sortuko dituzte eta irailean bertan hasiko dute langileak kontratatzeko prozesua. Eta planta berriak eta negozio unitate berriak martxan jarri ahala, langile gehiago kontratatuko dituzte.
Horien artean, lehentasuna izango dute kooperatibistek, Fagor Taldearendako lanean ibili diren kanpoko langileek, Edesakoek eta baita Grumalekoek ere.
Lau urteren ostean 840 zuzenko lanpostu sortuta izango dituztela iragarri dute CNAko ordezkariek.
Soldata maila eta Lagun Aro
Soldata mailari dagokionez, berriz, Fagorren zeudenen mailakoak edo handiagoak izango dira; hori bai antzinatasuna ez dute kontuan hartuko.
Bestalde, CNArendako lanean hasiko diren kooperatibistek aukera izango dute 36 hilabetez lanean jardun ostean, eta hala nahiago badute, Lagun Arora bueltatzeko. Adibidez, 45-50 urte bitarteko langileendako komenigarria izango da Lagun Arorekin kotizatzen segitzea erretiroa hartu arte; ez horrela, berriz, langile gazteendako. Haiendako onuragarriagoa izango da seguritate sozialean kotizatzea.
Zuzendaritza talde berriari dagokionez, berriz, Fagorreko bazkide eta langile ohiek osatuko dute (baita kanpoko langileek ere). "Euskal taldea izango da, Euskal Herriarendako lan egingo duena eta Fagorreko koloreak defendatuko dituena", adierazi du Jorge Parladek, CNA Corporation-eko administratzaileak.