Eusko Jaurlaritzak "konfiantzaz eta ilusioz" egiten dio aurre Fagor Etxetresnen aro berriari

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 29a, 23:14

Eusko Jaurlaritzak dio Fagor Etxetresna Elektrikoen etapa berria ez dela erraza izango, baina ilusioz egingo diola aurre aro berriari. Barruan, Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren prentsa ohar guztia.

"Fagor enpresaren hartzekodun lehiaketan CATA enpresari zuzendutako esleipena baloratzen duen Eusko Jaurlaritzaren Adierazpena:

Donostiako merkataritza arloko Lehen epaitegiko epaile Pedro Jose Malagonek Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren hartzekodunen konkurtsoaren ebazpenari dagokionez hartutako erabakiaren aurrean:

1. Lehenik eta behin, eta erabakia bera baloratu aurretik, prozesu konkurtsal horretan parte hartu duten enpresek egindako ahalegina eskertu nahi dut; batetik, Fagor suspertzeko egindako apustuagatik, eta bestetik, prozesu konkurtsalaren barruan beren proposamenak hobetzeagatik.

2. Konkurtsoa garatu den erritmoagatik ere eman nahi ditut eskerrak, denborari eta formari dagokienez konplexua izan arren epaileak berak aurreikusitako epeetan gauzatu baita azkenean.

3. Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren aktiboak eta jarduera CNA taldeko CATA enpresari esleitzeko epailearen erabakia jakinarazita, egoera berri baten aurrean gaude.

Etapa berri bat hasiko du Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresak, jabe berriekin eta bultzada berriarekin.

Horiek horrela, gaur bertan hitz egin dut haren presidente Jorge Parladérekin, eta gaur egun nire ustez izan beharreko helburua jakinarazi diot: hau da, Fagor markaren irudia eta balioa leheneratzea, eta enpresaren industria-jarduera eta horri dagokion enplegua berreskuratzea.

4. Industria-jarduera eta enplegua ahalik eta lasterren suspertzea nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta CATA enpresak konkurtsoko administratzaileen eta epailearen aurreko eskaintzan zehaztutako baldintzak gauzatzea.

Ulertzen dugu enpresak denbora beharko duela instalatzeko eta Euskadiko jarduera industrial eta soziolaboralean sartzeko, baina jakin badakigu lan hori aldez aurretik aurreikusi dutela; horrenbestez, espero dugu irailean jarduera abiarazi ahal izatea, eta urrian ageriko industria-ekoizpena eduki ahal izatea.

Horixe da Jaurlaritzak nahi duen egoera, industria-jarduera horrek tokiko hornitzaileentzat eta lan-merkatuan sartzen diren pertsonentzat egin dezakeen ekarpena kontuan harturik.

5. Edozelan ere, Cata enpresa Euskadin kokatzearen aurrean Eusko Jaurlaritzak izango duen jarrera enpresa batek Euskadiko industria-jardueraren eta enpleguaren aldeko apustua egin duen bakoitzean izandako bera izango da.

Euskadiko industria-ekoizpena bultzatzen duten gainerako enpresekin dugun exijentzia-maila bera izango dugu.

Gure industria, gure lehiakortasuna eta gure enplegua ditugu azken helburutzat; horrenbestez, elkarlan, konfiantza eta inplikazioko jarrera izango dugu hasieratik, industriako enpresa guztiekin bezalaxe.

Lankidetza, konfiantza eta inplikazio horiek elkarrekikoak izatea espero eta nahi dut.

Baldintza horiek betez gero, benetako ekarpena egingo diegu guztion artean Fagor markaren posizionamenduari zein haren jarduera eta enplegua leheneratzeari.

6. Jakin badakigu gaur Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresak hasiko duen etapa berria ez dela erraza izango, baina Eusko Jaurlaritzak konfiantza eta ilusioz egiten dio aurre.

Duela hamar hilabete egoera ezin ilunagoa zuen, eta gaur ikusi dugu enpresa batek negozio-aukera ikusi eta haren aldeko apustua egin duela: 42 milioi euroko eskaintza ekonomikoa, likidazio planak aurreikusitako ekoizpen unitate guztiak suspertzea, eta 4 urtetako epean 850 lanposturen sorrera.

7. Egindako eskaintzaren baldintzak publikoak dira, eta proposamen serioa da Jaurlaritzaren iritziz. Euskal industria sendotzen lagunduko du; hortaz, ezin dugu aukera galtzen utzi, eta gauzatzen lagundu behar dugu.

8. Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresa laster suspertzea espero dugu azken batean, enpresa-jardueran zein Euskadiko ehunka pertsonen eta familien enpleguan izango duen eraginagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak