Leihoen, galdaren, instalazio elektrikoen eta etxetresnen 3,5 milioiko Renove plana aurkeztu dute

Leire Kortabarria 2014ko uzt. 24a, 19:00

Energia aurrezteko eta energia berriztagarrien proiektuak sustatzeko 28,4 milioi euroko laguntza plana aurkeztu du Energiaren Euskal Erakundeak; horietatik 3,5 leihoak, galdarak, instalazio elektrikoak eta etxetresnak aldatzeko izango dira. Dirulaguntza guztiak aurten emango dira.

Eraginkortasun handiko kondentsazio-galdarak instalatzeko programak 350.000 euroko aurrekontua du, eta instalazio elektriko zaharrak berritzea helburu duen programak, 250.000 eurokoa. Horiek azaroaren 30era arte izango dira zabalik, edo dirua bukatu arte.

Irailean hasiko da leihoak eta etxetresna elektrikoak aldatzeko renove plana. Hurrenez hurren, 1,5 milioi eta 1,4 milioiko aurrekontuak dituzte.

Partida handiena, 12,4 milioi

Eusko Jaurlaritzak, EVEren bidez, aurkeztu dituen dirulaguntzen programak hiru lerro nagusi ditu eta bakoitzak bere aurrekontua du.

EVEk energia aurrezteko eta eraginkortasuna sustatzeko programa nabarmendu du: 12,4 milioi euroko aurrekontua du, handiena. Horren barruan, ekipoak berritzeko dirulaguntzak emango dituzte, tartean galdarak eta instalazio elektrikoak. Garraioan, mugikortasun eraginkorragoa lortzen saiatuko dira. Ibilgailu elektrikoak edo petroliotik datozen ez beste energia-iturriekin elikatzen diren ibilgailuak erosteko laguntzak ere emango dituzte.

Bigarren lerroak hiru milioiko aurrekontua du eta energia berriztagarrien alorreko instalazioak sustatzea du helburu; nagusiki, instalazio txikiak abian jartzea.

Azkenik, administrazio publikoetan energia zerbitzu enpresen (ESE) bidezko proiektuak lagunduko dira. Enpresa horiek bere gain hartzen dute egin beharreko inbertsioa eta energia prezio merkeagoan eskaintzen dute, lortzen duten energiaren aurrezpenari esker. Hirugarren laguntza lerro horrek milioi bat euroko aurrekontua du.

EVEren arabera, neurri horiekin, urtean 50.300 tpb aurreztuko dira, hau da, urtean 182.000 etxebizitzako berokuntzan kontsumitzen den adina energia. Bestalde, dirulaguntzek traktore-efektua ere izango dutela esan du EVEk, eta euskal merkatuan eta ekonomian 280 milioiko inbertsioak eragingo dituztela esan du.

Laguntza guztiak, aurten

Kudeaketa aldetik nobedadea du aurtengo Renove programak: 2014an emango dira dirulaguntzak, eta hurrengo ekitaldietan laguntzarik jasotzeko aukerarik ez da izango. Izan ere, lehengo laguntzen programek aukera ematen zuten laguntza geroago jasotzeko. Izatez, 2014ko lehen seihilekoan 2013ko ekitaldiari dagozkion diru laguntzak eman dira zenbait proiekturentzat, gehienbat berriztagarrien (eguzki-energia, biomasa, e.a.) eta energia-eraginkortasunaren inguruko egitasmoetarako. 2014ko dirulaguntzen programaren deialditik aurrera, programari lotutako aurrekontu osoaren dirua urteko ekitaldian bertan banatuko da.

Hauek dira laguntza motak eta bakoitzaren aurrekontua:

1) Aurrezpena eta eraginkortasuna: 12,4 milioi
- Eraginkortasuna industrian: 5,2 milioi
- Udalak: 2,2, milioi
- Garraioa: 1,5 milioi
- Galdarak: 350.000 euro
- Instalazio elektrikoak: 250.000 euro
- Leihoak: 1,5 milioi
- Etxetresna elektrikoak: 1,4 milioi

2) Energia berriztagarriak: 3 milioi

3) ESE programa administrazio publikoan: 1 milioi

4) 2014an egiteko 2013ko proiektuei emandako dirulaguntza: 12 milioi

Iaz, arrakastatsu

Leihoen, galdaren, etxetresnen eta instalazio elektrikoen aurreko renove plana 2013ko udan izan zen eta arrakasta polita izan zuen, batez ere etxetresna elektrikoenak. Iazko deialdiak 3,75 milioiko dotazioa zuen.

Argibide gehiago, EVEren webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak