Renoveren planaren zain zegoen jendea

Leire Kortabarria 2013ko eka. 20a, 13:09

Renove planaren berri izan eta segituan hasi da jendea komertzioetan galdetzen. Etxetresna elektriko berria –garbigailuak, plater-garbigailuak eta hozkailuak– eros daiteke, trukean zaharra utzita, eta horretarako 1.500.000 euroko aurrekontua ipini du Eusko Jaurlaritzak.

Etxeko leihoak ere alda daitezke, eta plan horrek ere milioi eta erdiko dotazioa dauka; kondentsazio-galdara ere eros daiteke, eta horretarako 400.000 euroko aurrekontua dago; eta instalazio elektriko berria egin, eta aldaketa diruz laguntzeko 350.000 euro dago. Hortaz, Renove planek 3.750.000 euroko dotazioa dute eta irailaren 30era arte edo dirua bukatu arte iraungo du. 

Batez ere, etxetresna elektrikoen saltzaileak hasi dira mugimendu handiagoa igartzen, Almacenes Arrasate komertzioko Igor Loitik dioen bezala: "Jendea zain egon da, eta galdezka, ea noiz hasten zen Renove plana. Eta hasi denean, batzuk etorri dira arineketan". Bere iritziz, "bezeroendako oso ondo dago". Bezeroari samurtasun guztiak ematen zaizkio, prezioarekiko deskontua erosterako unean bertan egiten zaiolako.

Dena dela, kontuan hartu behar da honakoa: "Benetako helburua da energia kontsumo aldetik eraginkorragoa den etxetresna bat erosten laguntzea. Jende askok uste du Eusko Jaurlaritzak etxetresna berria erosteko laguntza ematen duela, baina ez da horrela". Horregatik, etxetresna berriak A++ edo A+++ eraginkortasun-marka izan behar du; A++ bada, 105 euro deskontatuko zaizkio bezeroari ordaindu beharreko preziotik, eta A+++ bada, 125 euro. Oraingoz, A+++ da Europak ematen duen kalifikazio altuena.

Epe luzean, gastu txikiagoa 

Gaurko krisi egoeran, bezeroek prezioari egiten diete kasu, batez ere; baina energia eraginkortasuna, epe luzeagoan, euren poltsikoaren aldekoa dela ere erakusten die Igor Loitik. Horretarako, etxetresna bakoitzari etiketa ipintzen diote: ze kalifikazio energetiko duen eta urtean zenbat kilowatt kontsumitzen duen, beste datu batzuen artean. Hortik abiatuta, urteko gastua eta kalifikazio handiko etxetresna bat aukeratzeak dakarren diru-aurrerapena azaltzen die Igor Loitik bezeroei.

Hozkailua da etxean energia gehien kontsumitzen duen etxetresna. Urtero 350 kW behar dituen hozkailu batek eta 200 behar dituen beste batek 150 kW-ko aldea dute. Kilowatt bakoitzari 0,23 euroko kostua ipintzen badiogu eta hozkailuari 10 urteko bizi-iraupena, 345 euroko aurrerapena lortuko dugu bata bestearen gainetik aukeratuta. Horri momentuan bertan Renoverekin lortzen den 105 edo 125 euroko deskontua gehituta, bezeroak bere aukera egiten du. Eusko Jaurlaritzak kalkulatzen du 13.300 etxetresna elektriko berri salduko direla Renove plan honekin.

Lehen, % 30eko laguntza 

Leihoak aldatzeko ipini du Urkulluren gobernuak beste dotazio handiena, eta 12.000 leiho aldatuko direla uste du. Kasu horretan ere, ezin da edozein leiho mota ipini, baizik eta energetikoki eraginkorragoak direnak. Baina leihoen Renove planarekin, etxetresnenarekin ez bezala, deskontua obra egin eta gero aplikatzen da, Ion Leihoetako Julia Reyk azaltzen duen moduan: "Bezeroak eskaera egin behar du eta leiho bakoitzaren gaineko dokumentazioa eta agiriak aurkeztu behar ditu Energiaren Euskal Erakundean, eta hark egiten dio diru-sarrera bere kontuan. Bezeroak obra osoa ordaintzen digu guri, hornitzaileoi". Hortaz, agudo ibili beharra dago, aurrekontua bukatu baino lehen eskatzeko dirulaguntza; bestela, laguntzarik gabe gera daiteke norbera.

Obra egin eta gero dirua itzultzeko sistema horrek eragina du hornitzaileengan ere: "Hemendik eta abuztura arte korrika eta presaka ibiliko gara, obra piloa egiten, lehenbailehen bukatzeko eta bezeroak dirua berreskuratu ahal izateko. Irailean, ikusi egin behar zer gertatzen den". 

Julia Reyren iritziz, oraingo Renovea ez da beste batzuen moduko ona: "Aurrekontuaren % 22 laguntzen du, gehienez ere 1.000 euro ematen ditu; beste urte batzuetan, % 30 ordaintzen zuen, eta etxebizitza bakoitzeko 2.200 euroko muga zuen. Gainera, sistema ere desberdina zen lehen: bezeroak eskaera egiten zuen eta sei hilabete zituen obra hori egiteko". Edozelan ere, onartzen dute "aurrekontu gehiago eskatzen" dietela orain, bezero gehiago agertu direla, Renove planaren eraginez.

Obra konplexua 

Bai etxetresnetan, bai leihoetan, merkatariek esaten dute Renove planak, batez ere, zalantzan dagoen jendea animatzeko balio duela; etxetresna bat zaharkituta edo laster aldatzeko beharrean dagoena, edo leihoen obra egiteko asmoarekin aspaldian dabilenari bultzadatxoa ematen dio dirulaguntza lortzeko aukerak.

Kontua desberdina da diruz lagundutako beste kapitulu baten: galdarak. Bergarako Jose Mari Laskurain iturginak dioenez, "200 euro ez da dirulaguntza handia galdara baterako", baina arazoa, batez ere, beste hau da: "Kondentsaziozko galdara ipintzeagatik ematen dute dirulaguntza, eta horiek hustubidea, desaguea behar dute, eta etxe askotan arazoa egoten da hori ipintzeko. Ponpa bat ere ipini behar zaio ura bidaltzeko. Horrek denak garestitu egiten du produktua. Gainera, kasu bakoitza ikusi behar da, etxe bakoitza". Galdaraz aldatzea 200 eurorekin laguntzen da, baina kondentsaziozko galdara bat 1.600 eurotik gora kostatzen da, normalean, eta horri behar diren obrak gehitu behar zaizkio. Bergarako iturgin horren iritziz, kondentsaziozko galdara horiek zoru erradiatzailearekin batera ematen dute emaitza onena; eta, gainera, etxebizitza ondo isolatuta baldin badago. 

Jendeak ez dakizki baldintza horiek guztiak: "Jendeak Renove plana dagoela entzuten du eta etorri egiten da, baina baldintza asko daude", esaten du.

Segurtasun beharra 

Laskurainek dioenez, etxebizitza gehienek "ohiko galdarak" dituzte. Eta badirudi aldatzeko aukera txikiak ikusten dituela: "Orain hamar edo bost urte, jendeak berri-berri botatzen zituen gauzak. Orain, beste muturrean gaude: jendeak konpondu egiten du dena, baita konpontzea merezi ez duten gauzak ere". Bere iritziz, benetan gauzak aldatzeko balioko duen gauza bat dago: "Lanpostuan segurtasuna. Gaurko egunean, ez dago, eta jendeak ez du inbertitzen".

Ion Leihoetan ere antzeko zerbait ikusten dute: "Konponketa asko egiten ditugu. Orain, prezioa erabakigarria da. Kalitatea eskatzen du jendeak, bai, baina prezioari asko begiratuta".

-----------------

Lau Renove programa

Etxetresna elektrikoak: 1,5 milioiko aurrekontua dago eta 13.300 etxetresna erosiko direla kalkulatzen da. Hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak eros daitezke. Euskadin, 740 bat establezimendutan egiten da Renove plana.

Leihoak: aurreko edizioetan arrakasta handienetariko Renoveen artean dago. Aurten, kostuaren % 22raino lagunduko da, gehienez 1.000 euro etxebizitza bakoitzeko. 2.200 etxebizitzako 12.000 leiho inguru ordezkatuko direla kalkulatzen da. Orain arteko Renove planekin, 5.800 etxebizitzak urte baten kontsumitzen duten energiaren adinakoa aurreztu da.

Galdarak: Kondentsazio-galdarak instalatzeko 400.000 euroko aurrekontua dago, eta ordezkatzen den galdara bakoitzeko 200 euroko dirulaguntza eska daiteke.  

Instalazio elektrikoak: etxebizitzetan edo etxebizitza-komunitateetan gutxienez 25 urte dituzten instalazio elektrikoak berritzeko, inbertsioaren erdiarekin lagunduko du Eusko Jaurlaritzak; gehienez ere, etxebizitza bakoitzeko 500 euro edo komunitate bakoitzeko 1.000 euro.

Argibideak: eskaerak egiteko edo argibide gehiagorako: Energiaren Euskal Erakundea (eve.es).

-----------------

Zelan erabiltzen den ere gakoa da

-Espainiako IDAE erakundeak etxetresnak eraginkortasunaren arabera bilatzeko web orria dauka: www.idae.es/ProductosEficientes.

-Etxeko ohiko etxetresnetatik, hozkailuak kontsumitzen du energia gehien: gastuaren % 20 berari dagokio. 

-Eguzkiak zuzenean jotzen ez duen leku baten ipini behar da hozkailua, eta paretatik gutxienez 5 cm-ra, ondo aireztatzeko.

-Hozkailuaren tenperatura txikitzen den gradu bakoitzak % 5 energia gehiago gastatzen du. Hozkailuaren tenperatura egokiena 6ºC da, eta izozkailuarena, -18ºC.

-Bete hozkailua modu eraginkorrean: behealdea goialdea baino hotzagoa da. Ez sartu gauza beroak hozkailuan.

-Izozkailuan 5 mm-ko izotz-geruza sortzen denean hori kentzea gomendatzen dute. 

-Eroski Consumerren arabera, hozkailuaren bi herenak betetzea komeni da, betetako hozkailu batek hobeto gordetzen duelako hotza. Baina ez da goraino bete behar ere.

-Hozkailuan, plater-garbigailuan, arropa-garbigailuan…oro har, etxetresna guztietan, garbi edukitzeak energia gutxiago kontsumitzea dakar. Hozkailuan, ateko gomak eta kondentsadorea, batez ere; garbigailuetan, filtroak…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak