Eibarrek Atxabalpe egokitu eta entrenatzeko erabiliko du

Eneko Azkarate 2014ko uzt. 23a, 12:26

Eibar Kirol Elkarteak eta Arrasateko Udalak hitzarmena sinatu dute, aurten lehen mailan ariko den Eibarren futbol talde nagusiak Garagartzako Atxabalpe futbol zelaia egokitu eta entrenatzeko erabil dezan. Futbol zelaia eta aldagelak erabili ahal izango ditu; ez ordea, harmailak. 600 euro ordainduko dizkio, hilero, Eibarrek Arrasateko Udalari. Atxabalpe konpontzen dutenean, azaro-abendu inguruan, Bergarako Agorrosinen entrenatzeari lagako diote armaginek.

Gaur sinatu dute hitzarmena Inaxio Azkarragaurizar Arrasateko alkateak eta German Albistegi Eibar Kirol Elkarteko Administrazio Kontseiluko kideak. Ekitaldian Joserra Askasibar Arrasateko Udaleko Kirol zinegotzia eta Gorka Unamuno Atxabalpeko obrak zuzenduko dituen arkitektoa ere izan dira.

Goienak aurreratu zituen Eibarrek Arrasateko lehengo futbol zelaia erabiltzeko asmoak. Orain, gaur, gauzatu egin da hitzarmena.

Hitzarmena urtebetekoa izango da eta urtero berritzeko aukera izango dute bi aldeek. Hitzarmenaren arabera, Eibarrek entrenamenduetarako bakarrik erabili ahal izango ditu Arrasateko Udalarenak diren Atxabalpeko futbol zelai zaharraren instalazioak: zelaia eta aldagelak.

Eibar Kirol Elkarteak hartuko ditu bere gain Atxabalpe egokitzeko lanen, memorien eta bestelakoen gastuak: argindarra eta abar. Instalazio horien mantentze lanak ere bere gain hartuko ditu Eibarrek. Hura izango da pertsonei edo gauzei eragin dakiekeen kalteen erantzulea.

Harmailak ez

Zelaia eta aldagelak, ez beste, erabili ahal izango dute. Izan ere, hitzarmenean hauxe zehazten da: "Espresuki ohartarazten da ezin direla erabili errekatik hurbilen dagoen gunean kokatutako harmailak, aipatutako kirol instalazioak erabili gabe egon diren denboraldia eta mantenuaren eza ikusirik, ezin baita bermatu egituraren aldetik harmailak egoera egokian daudela erabili ahal izateko"

Atxabalpe futbol zelaia 2007az geroztik ez da erabiltzen, Mojategi zabaldu zutenetik. Zelaia sasiz eta belarrez josita dago egun.

Bien bitartean, Agorrosinen

Atxabalpe egokitzen hasiko dira aurki Eibar Kirol Elkartekoak. Proiektua prestatu eta exekutatuko dute. 7 urtetan erabili ez diren aldagelak egokitu eta erabiltzeko moduan jarri beharko dituzte; sasi eta sastrakak kendu; belarra landatu... Horrek guztiak hilabete batzuk eroango ditu. Azaro-abendurako prest edukitzea aurreikusi dute armaginen teknikoek.

Bien bitartean, Bergara Kirol Elkartearekin tratua egin du Eibarrek astean bitan, Agorrosin futbol zelaia entrenamenduetarako erabiltzeko. Uztailaren 14an hasi zituen Eibarrek aurre-denboraldiko saioak. Urte amaierara arte-edo, hortaz, han ariko dira Garitanoren mutilak astean barrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak