Eibarrek, gaur hasiko du denboraldi-aurrea eta uztailaren 16an, 18an, 22an, 23an eta 24an Bergarako futbol-zelaian entrenatuko da, 10:30ean hasita. Eta Gaizka Garitanoren mutilak abuztuko hiru astetan ere entrenatuko dira Agorrosinen. Denboraldian barrena, ostera, astean birritan etorriko dira.
Asmoa, hiru urterako
Hain zuzen ere, hiru urterako hitzarmena egin nahi dute Bergarak eta Eibarrek, baina oraindik ez daukate guztia zehaztuta. Izan ere, Eibarren hasierako asmoa zen Mondra futbol taldearen lehengo futbol zelaia, Garagartzako Atxabalpe, egokitzea eta hori erabiltzea entrenamenduetarako. Edozelan ere, baztertu egin dute ideia hori, Atxabalpe egokitzeak inbertsio handia eskatzen du-eta.
Horrenbestez, Bergarakoa aukeratu dute. Baina zergatik? Hasteko, Agorrosin delako belar naturaleko inguruko futbol zelai bakarrenetakoa. Hamar kilometrora dute armaginek, gertu. Eta partidu ofizialak jokatzeko erabiltzen duen Ipuruaz gainera, beste belar naturalekorik ez daukalako Eibarrek. Ipurua ondokoa belar artifizialekoa da.
Agorrosinen mantentze-lanak
Bergarako klubak ez du dirurik zuzenean jasoko Eibarren partetik, astean bi entrenamendu saio egin dezan uztearren. Baina Agorrosin futbol zelaiaren mantentze-lanez arduratuko dira Eibarko zelai-zaintzaileak. Eta, horretaz gain, aurten zelaia jaso eta hainbat egokitzapen-lan egin dituzte, "euro askotako inbertsioa", Bergara KEtik adierazi dutenez.
Ondo ezagutzen duten zeiala
Dena dela, ez da izango berria Eibar Bergaran entrenatzen ikustea, azken urteotan Eibarrek, tarteka-marteka, erabili du-eta Agorrosin entrenatzeko; astean behin ere erabili izan dute. Bada, aurrerantzean, elkarlan hori indartu eta, gutxienez, astean bitan entrenatzeko asmoa agertu dute armaginek, eta hala hitzartuko dute bi klubek.