Merkataritza elektronikoak gorantz jarraitu zuen iaz, Eustaten arabera

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko uzt. 16a, 15:00

Hazten jarraitzen du merkataritza elektronikoak, bitarteko moduan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eustatek zabaldutako azken datuen arabera enpresen %21,6k erabili zuen merkataritza elektronikoa 2013an eta hazten jarraitzen du sektoreak. On-line saltzeko ohiturak ere gora egin du eta Goienak, esaterako, badu deskontu handien webgune bat: Aurreztu.com.

Informazioaren Gizarteari buruzko inkesta plazaratu berritan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako biztanleek merkataritza elektronikorako duten goranzko joera berretsi dute datuek. Enpresek ere areagotu egin dute on-line saltzeko ohitura, hain zuzen, herritarrek baino hazkunde handiagoarekin. Hala, hiru probintzietako enpresen %21,6ak baliatu zuen iaz merkataritza digitala, aurreko urtean baino ia %2 gehiago. Hala, 2013an on-line salmentari dagokion negozio-bolumena 11.072,3 milioi eurotakoa izan zen. Erosketen bolumena, berriz, 8.090 milioikoa izan zen.

Erosketa digitala gehien Araban hazi da, oso modu esanguratsuan, %23,3, eta Gipuzkoa da jaitsi egin den lurralde bakarra, %1,7 behera. Salmentei dagokienez, kopuru osoaren erdia baino gehiago, %51, Bizkaian egin da eta Gipuzkoan eta Araban, bietan, %32ren bueltakoa da ehunekoa. Hazkundea ere salmenta digitalean jarduten duten enpresetan egon da, guztira %1,9ko hazkundea 2013an. Eustatek ematen dituen datuen arabera, 35.700 dira hiru lurraldeetan bitarteko elektronikoen bidez salmentak egiten dituzten enpresak eta ia gehienak enpresa txikiak dira, 10 langiletik beherakoak.

Erosketa egin den bitartekoari dagokionez, erosketen %42,9 posta elektroniko bidez egin zen; %31,1 web bidez. Salmentak, ordea, %26,7 postaz eta %25,3 web bidez egin ziren. Salerosketa elektronikoaren %82,8 guztira, enpresen artekoa izan zen 2013an.

Goienan, Aurreztu.com

Goiena Komunikazio Taldeak badu deskontu handien webgune propio bat: Aurreztu.com. "Goienak aukera eman nahi izan die, alde batetik, Debagoieneko bezero komertzialei euren eskaintzak bertan jartzeko, eta bestetik, Debagoieneko edo kanpoko edozein erabiltzaileri, produktu horiek prezio hobe batean erosteko", azaldu du Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari komertzial Mireia Larrañagak. Gaineratu du, webguneak erantzun "ona" daukala eta erabiltzaileak Aurreztu.com-en bitartez erostera animatu ditu.

Erosketak on-line egiteko kontuan hartu beharrekoak

Internet bitartezko erosketak egiten direnean, baina, tentu handiz ibiltzea komeni izaten dela azaldu du Goiena Komunikazio Taldeko Jon Berezibarrek. Gomendio hauek eman ditu:

- Lehenik eta behin mesfidantza izatea eskaintza ikusgarriak prezio oso-oso merketan ikusten direnean.

- Eskaintza ikusi orduko klik asko eskatzen badu erosketa ekintza horrek, mesfidati izan.

- Denda eta marka ezagunen dendetan egin erosketak.

- Txartelaren mugimenduak begiratu, guztia ondo egin dela ziurtatzeko.

Beraz, Internet bitartezko erosketak egin bai, baina tentuz ibiltzea komeni izaten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak