GAUEKO LASTERKETA BERTIKALA: Iñigo Lariz nagusi

Iñigo Larizek 27'57'' behar izan zituen Bellotzako zubitik Buetraitz gainera iristeko, eta Agusti Roc (28'06'') eta Ionut Alin Zincaren (28'44'') aurretik nagusitu zen. Emakumezkoetan, Montserrat Vazquez izan zen irabazlea (37'42''). Bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren Nerea Amilibia (38'28) eta Maddi Arrazola (38'40''), hurrenez hurren. [ARGAZKIAK, SAILKAPENA ETA LARIZI ELKARRIZKETA, BARRUAN]

"Ongi etorri infernura!", zihoen deabruak berak, atzo gauean, asteburuan zetorrenaren iragarle. Izan ere, bera izan zen Gaueko Lasterketa Bertikaleko 2,7 kilometroak egiten lehena, eta gorako bidean, suz piztu zuen ibilbidea, argi-zuziei sua emanez. [ARGAZKIAK].

Irabazleak

Lasterketan, baina, ez zen deabrua gailendu. Indartsuagoa izan zen Iñigo Lariz. Zehazki, 27'57'' behar izan zituen Bellotzako zubitik Buetraitzeko gainera iristeko. Hala, Agusti Roc (28'06'') eta Ionut Alin Zincaren (28'44'') aurretik nagusitu zen. Lariz indartsu ikusi zen proban eta erritmo bizian igo zituen maldak. [LARIZI EGINIKO ELKARRIZKETA].

Emakumezkoetan, Montserrat Vazquez izan zen lehena (37'42''). Bigarren eta hirugarren postuetan sailkatu ziren Nerea Amilibia (38'28'')  eta Maddi Arrazola (38'40''), hurrenez hurren. "Aldapak oso gogorrak izan dira, eskerrak ez nituela ikusten. Amaiera egin zait gogorrena. Izan ere, ikusleek iristen ari nintzela oihukatzen zidaten eta ez nintzen behingoan iristen... Oso pozik nago eginiko denborarekin", zihoen probaren amaieran bigarren sailkatu zen Amilibia aiarrak. [BEHERAN, SAILKAPEN OROKORRA].

Euskal Herriko Txapelketa ere jokatu zen atzokoan. Gizonezkoetan honakoak izan ziren lehen hiruak: Iñigo Lariz, Ionut Alin Zinca eta Imanol Goñi. Emakumezkoetan: Montserrat Vazquez, Nerea Amilibia eta Maddi Arrazola.

Malda gogorretan gora

Gogorra izan zen lasterketa, bai. Izan ere, korrikalariek 2,7 kilometroan 720 metroko desnibela gainditu behar izan zuten. Banan-banan irten ziren Bellotzako zubitik lasterkariak, txirrindularitzako erlojupeko batean bezala. Guztira 70, batzuk ingurukoak eta beste batzuk urrunagotik etorritakoak.

Amaieran, korrikalari gehienek probaren gogortasuna azpimarratu zuten. Esaterako, Gernikatik etorritako Joanes Goitisolo, bederatzigarren gelditu zen sailkapen orokorrean eta zera zihoen: "Nahiko gogorra izan da, lokatza asko zegoen. Goian haizea eta behe-lainoa ere bai. Disfrutatu dugu eta gustura nago eginikoaz. Oraindik, baina, asko dut hobetzeko. Arrolape taldetik etorri gara lagun koadrila bat, bost. Domekan, gehiago etorriko gara: hamar". Maite Zabaleta oñatiarrari ere gogorra egin zitzaion, baina gustura zegoen: "Ondo joan da. Banekien zer zegoen herrikoa izanda, baina gogorra izan da. Harriak labainkorrak zeuden amaieran". Zabaleta pozik zen, izan ere, emakumezkoetan lehen debagoiendarra izan zen (nesketan laugarren eginda). Gizonezkoetan, Iñigo Alzola arrasatearra izan zen lehen debagoiendarra, hau ere gustura eginikoaz. Joseba Molinero oñatiarra ere pozarren zegoen lasterketaren amaieran, herriko lehena izan zen zazpigarren eginda.

Bestalde, Agusti Rocek –Kilometro Bertikalean munduko eta Europako txapelketak irabazitakoa– zera esan zuen: "Oso dibertigarria izan da. Nire lehen esperientzia izan da gaueko lasterketa bertikal batean eta oso ondo pasatu dut. Ibilbideaz eta jendeaz disfrutatu dut, polita izan da. Lurra biguna zegoen lokatzaren ondorioz eta hori dibertigarria da. Amaiera, berriz, teknikoagoa zen, bustitako harri gehiago zegoen. Irteera izan da niretzat gogorrena, kurba eta harri asko zeuden. Arantzazuko eskailerak pasa ostean hasi naiz tiratzen eta topera igotzen. Pozik nago eginikoaz, sentsazio ona izan dut. Aurten egin ditudan bi lasterketa bertikaletatik hau izan da oinez eta korrika gusturen sentitu naizena. Egia esan, uste dut banoala nire erritmoa bilatzen. Iñigo indartsuago egon da. Horixe da lasterketa hauen joera: egun baten bat dago aurrean eta hurrengoan bestea. ".

Ionut Alin Zincak –hainbat modalitate eta diziplinetan palmares ikusgarria du– ere sufritu zuen: "Nahiko gogorra izan da eta asko sufritu dut, baina gustatu zait. Hasieratik gogor hasi naiz eta amaierarako indar gabe nengoen, baina mendiaz disfrutatzen. Oso polita iruditu zait, espero dut egunen baten egunez ikusteko aukera izatea. Oso ondo antolatuta zuten guztia, harrituta geratu naiz antolatzaileek bidea markatzeko egin duten lan guztiarekin. Zoriondu nahiko nituzke eta eskerrak eman gonbidapenagatik. Eskerrak eman nahiko nizkieke animatzen egon diren lagunei ere".

Balorazio positiboa

Itzela izan zen giroa, bai lasterketan eta baita arratsaldean ere. Triki-poteoan jende ugari batu zen eta gauean asko izan ziren korrikalariak animatzen izan zirenak. "Gu Duru inguruan izan ginen eta han 30 automobil inguru elkartu ginen. Ez genuen horrelakorik espero. Autoak pixka bat organizatzen ere ibili ginen, ez zegoela aparkatzeko tokirik-eta. Arantzazun bertan eta handik gora dauden lehen maldetan ere jende asko batu zen. Tontorrean, berriz, 30 bat lagun. Ez genuen uste inor joango zenik puntara. Beraz, oso pozik gaude, harrituta. Eskerrak eman nahi dizkiegu lasterketa ikustera joan ziren guztiei", zihoen Iker Laskurain antolakuntzako kideak.

Sailkapen orokorra

Erlazionatuak

Aloñako Igoeraren X. Urteurren Jaia, bideotan

Oñati

X. Igoera, desafioa eta gaueko lasterketa bertikala:
ARGAZKIAK: X. Aloñako Igoera

Oñati

Lasterkariek ibilbide berria estreinatu dute hamargarren edizioan eta asko gustatu zaiela aitortu dute, beste urteetakoa baino gehiago. Aurreko egu...
ALOÑAKO X. IGOERA: Ionut Zinca eta Ana Conde azkarrenak

Oñati

Bi ordu eta lau segundo behar izan ditu gizonezko azkarrenak; eta bi ordu, 31 minutu eta 57 segundo, lehen emakumezkoak. Debagoiendarren artetik de...
ARGAZKIAK: Aloñako desafioa

Oñati

DESAFIOA: Jon Odriozolak (korrika) eta Txomin de Vegak (bizikletan) osatu dute bikote azkarrena Aloñako desafioan

Elgeta Oñati

Walter Becerra, Iñigo Gabiña, Iñigo Lariz, Aitor Lopez Rekarte, Joseba Zubeldia eta Markel Uriarte izan dira desafioa jokatu duten gainerako kirola...
ARGAZGIAK: Gaueko Lasterketa Bertikala

Oñati

Atzo jokatu zen Kilometro Bertikala Oñatin, eta deabruak berak iragarri zuen asteburuan zetorrena: "Ongi etorri infernura!". Iñigo Lariz nagusitu z...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.