Ionut Zincak egin du X. Aloñako Igoeran denborarik onena (02:00:04); Imanol Goñi izan da bigarren azkarrena gizonezkoetan (02:00:39); eta Jokin Lizeaga, hirugarrena (02:02:58). Parekatuta joan dira oso lehen biak ia ibilbide osoan, lasterketaren azken txanpan Zincak aurre hartu duen arte. Bera izan da garaile, baina 35 segundo gehiagorekin aski izan du Goñik ere helmugan sartzeko.
Zincaren eta Goñiren taldeak izan dira, gainera –Sestao Alpino eta Arratzuko Arrolape, hurrenez hurren– kluben artekoan lehen eta bigarren postuak lortu dituztenak.
Lehen debagoiendarra Iñigo Alzola izan da, bi ordu, 13 minutu eta 22 segundoko denbora eginda; sailkapen nagusian zortzigarren geratu da.
Emakumezkoei dagokienean, Ana Condek egin du denborarik onena (02:31:57); Alizia Olazabal geratu da bigarren (02:51:40); eta Andrea Gilentzat izan da hirugarren postua (02:53:13). Faboritoa zen Conde eta hasieratik bukaerara arte nagusitu da, 20 minutuko eta hortik gorako tartea ateraz gainontzeko emakumezkoei.
Debagoieneko emakumezko azkarrena Oñatiko Maite Zabaleta izan da (03:06:59); zortzigarren geratu da sailkapen orokorrean.
342 dortsal banatu dituzte guztira lasterketa hasieran.
Ibilbide berria, "arrakastatsua"
Lasterkariek ibilbide berria estreinatu dute hamargarren edizioan eta asko gustatu zaiela aitortu dute, beste urteetakoa baino gehiago. Aurreko egunetan ez bezala, eguraldi aparta egin du gaur, gainera, eta horrek ere lagundu die, noski, lasterketaz gozatzen. Arrazoi hori tarteko baita ere, jende ugari batu da Oñati eta Aloña arteko maldetan, korrikalariak animatzeko.
Omenaldiak
Baina ibilbide berria ez da izan aurtengo igoeraren berezitasun bakarra. Izan ere, lasterketari ekin aurretik, omenaldia eskaini diete edizio guztietan parte hartu duten zazpi lasterkariei; eta esker ekitaldia jaso du Iban Isastik ere, hamarkada osoan, hutsik egin barik, antolatzaile lanetan jardun izanagatik. Zorionak kantua ere abestu diote.
Gaurkotik haratago, asteburu osoa izan da berezia, ordea: bariku iluntzetik hasita, kirol proba bereziak eta familia osoari zuzendutako ekitaldiak izan dira Oñatin nahiz Arantzazun.
Ikusteke dago orain, datorren urtean jarraipenik izango ote duen.