Ikuskizun polita eskaini dute gaur Oñatin kirol diziplina ezberdinetako zortzi kirolarik. Bikoteka antolatuta desafioa zen nork igo eta jaitsi Aloña azkarren.
Oñatiko plazan hartu dute irteera Iñigo Larizek (korrika), Walter Becerrak (korrika), Jon Odriozolak (korrika) eta Joseba Zubeldiak (bizikletarekin). Igotzea zen euren egitekoa, jaistea antolatzaileek aukeratutako bikotekidearen lana baitzen.
Lehenak Aloñako puntara iristen izan dira Walter Becerra eta Iñigo Lariz (00:53:40). Becerrak Belarren zuen zain parapentearekin Iñigo Gabiña elorrioarra baina mexikarrak ez du erreleborik izan. Behelainoaren eta haizearen eraginez Gabiñak ezin izan du hegan egin eta Becerrak bakarrik egin behar izan du proba osoa. Larizi, berriz, Aitor Perez Rekartek hartu dio lekukoa Aloñan.
Hurrengoa Aloñara iristen Joseba Zubeldia izan da (01:00:15). Enduroko txapeldun Markel Uriarte aretxabaletarrak eman dio erreleboa.
Azkena tontorrera iristen Jon Odriozola izan da (01:01:35). Bizikleta jaitsieretan aritzen den Txomin de Vega elgetarrak hartu du haren lekukoa.
Jaitsiera konplikatua
Walter Becerrak (korrika), Aitor Perez Rekartek (korrika), Markel Uriartek (bizikletarekin) eta Txomin de Vegak (bizikletarekin) egin dute jaitsiera, eta ordena horretan abiatu dira goitik behera.
Aloñatik azkenengo abiatu den Txomin da Vega izan de helmugan lehena. Jaitsiera ona egin du eta 7 minutu eta 55 segunduko atzerapena deuseztatu du. Baita bigarren sailkatuari —Walter Becerra— minutu bat eta 35 segunduko aldea atera ere.
Perez Rekartek eta Uriartek zailtasunak izan dituzte jaitsieran. Rekartek orkatila bihurritu du eta min handia hartu ez arren herrenka sartu da helmugan (01:31:33). Markel Uriartek, berriz, hiru aldiz zulatu du atzeko gurpila eta lanak izan ditu lana amaitzeko (1:44:24).
Ikuskizun polita
Aloñako X. Igoera ospatzeko ikuskizuna izan da desafioa eta gustura gelditu dira bai parte-hartzaileak bai antolatzaileak. Eguraldiak larregi lagundu ez arren —behelainoa eta hotza tontorrean— ideia originala eta kirolarien artean sortu den giro polita nabarmendu dute denek. Bide bazterretan ere ikusle dezente pilatu dira.
Antolatzaileek kirolarien parte-hartze "guztiz boluntarioa" eskertu dute, baita etortzekoak ziren baina azken orduko kontuengatik desafioa egitea ezinezkoa izan zaien Iker Karrerari —lesionatua— eta Mikel Astarlotzari —aita izan da atzo.