ELKARRIZKETA: Iñigo Lariz

Irati Goitia 2014ko mai. 3a, 16:05

Iñigo Lariz irabazlearekin izan ginen Kilometro Bertikalaren amaieran. Pozik zen eginikoaz. Besteak beste, adierazi zigun Buetraitzen ibiltzen dela neguan entrenatzen eta aurten ere bere helburuetako bat Espainiako bertikalen txapelketa irabaztea dela.

Zorionak. Nola joan da lasterketa?
Mila esker. Oso lasterketa polita izan da, izugarrizko antolakuntzarekin. Ibilbidea ezagutzen nuen. Izan ere, neguan Buetraitzen ibiltzen naiz eskiatzen eta entrenatzen. Baina gauez guztiz ezberdina izan da eta izugarri polita iruditu zait. Lehen zatia ez nuen ezagutzen, ordea, eta gogorra izan da. Harri asko zeuden eta ezin erritmoa ganoraz hartu ibili naiz.

Hasierako zati hori izan al da gogorrena?
Ez, amaiera. Hasieran denok hasten ditugu lasterketak indarrez, baina benetan gogorra bukaera izaten da, zaila izaten da erritmoari eustea.

Abantaila izan al da tokia ezagutzea?
Bai, beti. Horrelako proba bat, eta gainera, gauez izanda, nondik zabiltzan eta zer datorren jakitea, beti da abantaila. Nahiz eta, indarrak jartzen duen bakoitza bere tokian. Egia da, ordea, indar horiek neurtzeko garrantzitsua izaten dela tokia ezagutzea.

Nola doa denboraldia?
Hau izan da egin dudan hirugarren lasterketa. Lehenengo bietan erritmo falta igarri nuen. Sabiñanigon egin nuen lehena eta ez zen oso lasterketa gogorra izan, baina igarri nuen erritmo falta pixka bat. Gero korritu nuen 24 kilometroko bat ( Kilimon Trail, Mendaro) eta han pixka bat hobeto ibili nintzen. Eta gaur gustorago; erritmoaz eta izan ditudan sentsazioz hobeto.

Aurrera begira nola dator denboraldia?
Orain, lehenengo, bihar eta etzikoak (desafioa eta Aloñako Igoera) egingo ditut. Gero Zegama-Aizkorri dut buruan. Nahiz eta, badakidan ez dela niretzako moduko lasterketa. Hemengo probarik onena da, ordea, eta munduko onenetarikoa; beraz, egin beharrekoa da. Ondoren, Espainiako bertikalen kopa egiten saiatuko naiz eta ea munduko kopako pare bat egiteko aukera dudan, gogoa behintzat badut.

EspainiakoTxapelketa irabazi zenuen iaz, hori errepikatzeko asmoz?
Helburuetako bat da. Oso zaila izango da berriz ere Espainiako txapelketa lortzea. Gainera, asko baldintzatzen du lasterketa motak. Nik gogokoago ditut proba gogorrak eta aldapatsuak; ez badute horrenbeste malkar, badaude nire aldean bizkorra ibiltzen direnak. Hala ere, helburua hori da eta saiatuko naiz berriz ere Espainiako txapelketa lortzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak