Ordaindutako dirua zertarako erabiltzen den jakingo dute zergadunek

Leire Kortabarria 2014ko api. 9a, 09:19

Hiru laukitxo izango dira aurtengo errenta aitorpen orrian.
Zerga bidez ordaindutako dirua nora doan argitzeko egitasmoa jarri du abian Gipuzkoak ‘Kontuak Garbi’ ekimenaren bidez, pausoak eman nahi ditu Foru Ogasunak gardentasunean sakontzeko. Beste nobedade bat ere badago: hirugarren laukitxo bat kuotaren %0,7 zertarako erabili aukeratzeko.

2013ko Errenta kanpainan Gipuzkoako Ogasunaren Kontuak Garbi egitasmoak jarraituko du  aurten ere. Modu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zergadunei argitu nahi die zerga bidez ordaintzen duten dirua nora bideratzen duen administrazioak.

Egitasmo honen bidez, gardentasunaren aldeko aurrerapausoak emateko borondatea agertu du foru administrazioak." Herritarrei jakinarazi behar zaie zergen bidez ordaintzen duten diru kopurua zertan gastatzen den, ezagupen hori kontzietzia fiskalaren abiapuntua baita", dio Foru Aldundiak.

Errenta aitorpen bat aurkezten denean, zergadunek dokumentu bat eskuratuko dute Aldundiaren 2013ko zerga-bilketari buruzko datuak azaltzen dituena. Era berean, dokumentu horretan baliabideen erabilera orokorra zehazten da, hau da, instituzioen arteko banaketa. Azkenik, alorrez alorreko Foru Aldundiaren gastuaren detailea jasotzen da.

Dokumentu horrez gain, zerga bidez bildutako diruaren inguruan informazio sakonagoa nahi duenak www.gipuzkoa.net/ogasuna/kontuakgarbi helbidean eskura dezake.

Elizari, elkarte sozialei edo administrazioari

Bestalde, aurten hirugarren aukera bat dago PFEZeko kuotaren %0,7 zertarako erabili erabakitzeko: Eliza Katolikoaz eta interes sozialeko elkarteez gain, diru hori administrazioaren esku utz dezake zergadunak, hark kudeatutako "helburu orokorrak" betetzeko.

Foru Aldundiaren esanetan, "galdera berriak hobeto islatzen du administrazioak izan behar dituen harremanak elkarte sozial eta erlijiosoekin", eta "neutraltasun jarrera" azpimarratzen du. Gaineratzen duenez, "administrazio akonfesionala eraikitzeko bidean, formulario publikoetako edukiak eta hizkuntzak posizio hori adierazi behar dute".

Oraingoz, Foru Aldundiak ez du argitu zeintzuk izango diren beste helburu orokor horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak