Errenta aitortzeko kanpaina, aurten Aberastasuna aitortzekoa ere

Leire Kortabarria 2014ko mar. 28a, 12:19

Hainbat nobedaderekin dator 2013ko errenta aitorpen kanpaina, gaur eguerdian aurkeztu dutena. Bilduren zerga erreforma aplikatuko da aurtengo kanpainan, eta, besteak beste, Aberastasunen Aitorpena ere egingo da, inoiz baino autolikidazio proposamen gehiago bidaliko dira eta gorrendako itzulpen zerbitzua emango da.

Gaur eguerdian aurkeztu dute Errenta eta Aberastasuna Aitortzeko kanpaina Xabier Olano Ogasun zuzendariak eta Yolanda Gonzalez, Zeharkako Zergen Zerbitzuko zuzendariak. Apirilaren 7an hasiko da eta ekainaren 25era arte iraungo du.

Aurtengo kanpainako izarra Aberastasunen Zerga da. Ondarearen Zerga ordezkatzen du horrek, eta Foru Aldundiak 46 milioi euro batzeko helburua du, Ondarearen Zerga baino 7 gehiago.

Kanpaina honetan 390.000 errenta aitorpen tramitatzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak, aurrekoan baino 4.000 gehiago. Bestetik, aurten 236.948 autolikidazio proposamen bidaliko ditu Ogasunak, iaz baino 9.906 gehiago.

Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, 298.000 zergadunek egingo dute aitorpena, horretarako dauden hainbat modalitatetan, eta batez beste 1.092 euro bueltan jasoko ditu bakoitzak. Izan ere, aitorpenen %76,4 zergadunari dirua bueltatzeko emaitza izango dute. Gainerako %23,6ek 1.750 euro ordaindu beharko dio Ogasunari, batez beste. Iaz baino zergadun gehiagok ordaindu beharko diote Ogasunari: iaz 86.000k, aurten 92.000k.

Autolikidazio proposamenak onartzeko edo ukatzeko epea apirilaren 7an hasiko da, eta errenta mekanizaturako hitzordua hartzeko epea, apirilaren 10ean. Baina apirilaren 2tik aurrera jakin ahal izango dute zergadunek autolikidazio proposamena jasoko duten ala ez, Foru Ogasunaren webgunean.

Aurtengoa izango da Bilduren erreforma aplikatzen den azken kanpaina, datorren urtean EAJk eta PSE-EEk adostu zuten erreforma ezarriko baita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak