Iazko arau bera izango da errenta aitorpenerako, azken urtez

Leire Kortabarria 2014ko api. 7a, 12:00

Teknikariak hilaren 11n hasiko dira errenta mekanizatuak tramitatzen; irudian, aurreko kanpaina bateko tramitazio bat.
Iazko errenta aitorpena egiteko kanpainan etorri ziren berritasun guztiak ikasi bazituzten zergadun gipuzkoarrek, aurten ondo etorriko zaie hori, 2013ko errenta aitortzeko kanpaina iazkoaren oso antzekoa delako, errekargu eta desgrabazio aukerei dagokienez, behintzat.

Ezer azpimarragarririk ez da aldatu etxebizitza erosi izanagatik –Espainian, desgrabazio-aukera hori, aspalditik indarrean zegoena, iaz kendu zuten, baina Gipuzkoan oraindik ez–, pentsio-planetan aportazioak egiteagatik edo sindikaturen bateko kuotak ordaintzeagatik, besteak beste. Bestalde, iaz asmo batzuk agertu ziren arren, indarrean jarraitzen du bikotekideek aitorpen bateratua egiteko aukerak. 

Beraz, ohiko gauzak hartu beharko dituzte kontuan zergadunek, eta, probabilitateak alde dituzten arren –aitorpenen %76 baino gehiago negatiboak izango direla esan du Foru Ogasunak, hau da, dirua bueltan jasotzekoak–, itzultzeko emaitza baldin badute, batez bestekoa iazkoa baino txikiagoa dela ere gogoratu: iaz, 1.136 euro, eta aurten, 1.092.

Ogasunarekin kontuak argitzeko benetako unea datozen egunotan ailegatuko da gipuzkoarrondako. Autolikidazio proposamena jaso duten edo jasotzekoak diren 236.948 zergadunek www2.gipuzkoa.net webgunean ikus dezakete berau. Onartzeko edo ukatzeko, ordea, hilaren 7ra arte itxaron beharko dute. 

%4 proposamen gehiago 

Autolikidazio proposamenak errenta aitorpena egiteko modalitate garrantzitsuena bilakatzen dabiltza, aitorpen kopuru aldetik. Hala, iaz baino 9.906 proposamen gehiago (%4,4 gehiago) bidaliko ditu Ogasunak, aitorpen guztien %62. Titularrak 237.000 inguru diren arren, autolikidazio proposamen horiek beste 50.000 zergaduni eragiten diete.

Oso tentagarria da autolikidazioa dagoenetan onartzea, errenta mekanizatua aurkezteak dakartzan lanak kentzeko, baina kontuan hartu behar da hutsuneak edo akatsak egon daitezkeela; normalean, zergadunaren interesen kalterako, nahiz eta oharkabeko akatsak izan. Besteak beste, kenkarietan egoten dira kontuan hartu gabeko gauzak.

Aurten, 13.084 proposamenek daturen bat falta dezaketela ohartarazten du Ogasunak; bada, kasu batzuetan, aldaketak egin ondoren onartzeko aukera dago. Ogasunak dioenez, orokorrean, datu hauek falta dira: etxebizitza errentan emateagatik lortutako sarrerak edo errentan hartzeagatik dagokion kenkaria; eta dohaintza batzuk egin izanekoa. Kasu horietan, proposamenean hala adierazten da eta, berau onartzeko unean, aplikazioak ohartarazi egiten du. 

Mekanizatuak, 88.000 

Errenta mekanizatua aukeratzen duenak edo autolikidazio proposamena onartzen ez duenak hitzordua eskatu behar du bulegora joateko. Hori apirilaren 10a ezkero egin daiteke, 902 100 040 telefonora deituta (deitzeagatik ordaindu egin behar dela gogoratu) edo www2.gipuzkoa.net webgunean. 

Aurten, 88.000 aitorpen mekanizatu tramitatuko dira, iaz baino 2.000 gutxiago eta tramitatuko direnen %23 inguru. Internetez, 23.000 norbanakok aurkeztuko dute, eta 67.000 aholkularik; denetara, 390.000 aitorpen Gipuzkoan, iaz baino 4.000 gehiago, baina Ogasunak iaz baino bilketa aurreikuspen apalagoak ditu: 164 milioi euro, iaz baino 28 gutxiago.

%25eko tramu berria 

Iaz aplikatu zen araudi berbera aplikatuko da aurten ere, Bilduren zerga-erreformaren fruitu, berritasun gutxirekin. Aldaketa azpimarragarri bat dago kapitalaren errenten tarifetan, hiru tramu bereizten direlako eta gutxieneko tarifa handitu egin delako (%20tik %21era). Iaz, 4.000 eurora arteko irabaziek %20 ordaindu behar zuten, eta hortik gorakoek, %23; aurten, 1.500 eurora arteko etekinek %21 emango diote Ogasunari; 1.500etik gora eta 10.000 eurora artekoek, %23; eta 10.000 euro baino gehiagokoek, %25. Atxikipen horiek aplikatzen dira urtarrilaren 1a ezkero.

Murrizpenen kapituluan, "ohiko aukerak daude", Aierdi aholkularitzako Jon Larrañagak gogorarazten duenez: "Kenkari pertsonal eta familiarrak daude; gurasoengatik, mendekoa izateagatik… Adinarengatik dagoen kenkaria ere badago: oinarri ezargarriaren eta tributazio modalitatearen arabera aldatzen den kenkaria da, eta 30.000 eurora arteko oinarri ezargarria duten 65 urtetik gorakoek bakarrik dute kenkaria".

Etxebizitza kontuetan, alokairuarengatik %20ko kenkari orokorra dago; eta etxebizitza erosteagatik, %15ekoa edo %18koa, segun eta ze urtetan erosi zen. Kontuan hartu behar da kenkarien oinarriari jaso diren dirulaguntzak kenduko zaizkiola.

EPSVetan, gogoratu behar da 67 urtera arteko muga dagoela zerga-oinarria murrizteko, eta 12.000 euro dela murrizpen horretarako gehieneko aportazioa, norberaren eta enpresaren aportazioak kontuan hartuta. Iaz, 5.000 eurora txikitu zen norberak murrizketa eskubidea izateko egin zezakeen gehieneko aportazioa, eta aurten ere berdin jarraitzen du.

Bestalde, dohaintzen kenkaria dago: iaz, %30eko kenkaria zegoen, eta aurten, %10era jaitsi dute.

Deflaktatu egin da oinarri likidagarriaren eskala, KPIaren igoerak zergadunengan izan dezakeen eragina leuntzeko. Tramuak ez badira deflaktatzen, kasu batzuetan, tramu altuago batera pasa daiteke zergadun bat, bere ondasunak handitu ez arren.

Modulu sistemen bukaera 

Autonomoek eta enpresaburu txikiek ere igarriko duten beste kontu bat moduluen sistemaren murrizketa da, datorren urtekoaren aurrekari edo prestakuntza izan daitekeena, 2015ean guztiz kenduko baita. Modulu sistemak polemika handia piztu du beti, horren arabera aurreikusitako edo estimatutako etekin batzuen araberako zergak ordaintzen baitziren, eta ez benetan izandako etekinen araberakoak. Beraz, moduluak aktibo txikietarako bakarrik daude indarrean aurten; 300.000 euro arteko eragiketa-bolumena duten negozio eta jarduerek bakarrik tributatu ahal izango dute modulu bidez, eta hortik gorakoek, ez. Ogasunaren esanetan, "modulu-sistemak iruzurrerako bide asko irekitzen zituen" eta, oraingo foru gobernuaren helburuetako bat iruzur fiskalaren aurka egitea denez, hortik etorri da esandako erabakia.

Iruzur aukerak ahalik eta gehien ixteko beste pauso bat: aurten, mugatu egin da gastu batzuengatik gutxiago ordaintzeko eskubidea; adibidez, ibilgailu, jatetxe, ostatu, bidaia, bezeroendako opariak… 

Borroka horren bidetik joan da ere atzerrian ondasunak eta eskubideak aitortzeko derrigortasuna. Martxo bukaeran, 5.139 gipuzkoarrek aitortu zituzten.

Ondaretik Aberastasunera 

Iazko Ondarearen gaineko zerga, aurten, Aberastasunaren Errenta Aitorpena da. Bilduk Ondarearen Zergarekin baino %20 gehiago batzea espero du. Jon Larrañagak dioenez, alderdi askotan Ondare Zergaren oso antzekoa da, baina baditu aldaketa nabarmenak: hala, babes fiskala delakoa kendu da, zeinaren arabera zerga-ingeniaritza operazioak egin eta ondare handia baina etekin edo interes txikiak zituen zergadun batek gutxi edo ezer ez zuen ordaintzen zergatan.

Kudeaketan berritasunak 

Aitorpenean bertan aldaketa handirik ez badago, kudeaketan bai: hala, aitorpena egin eta gero, zergatan batutako dirua zertarako erabili den jakinaraziko zaio zergadunari; bestetik, gor-mutuendako interpretazio sistema emango dute bulego guztietan, aldez aurretik hala eskatuta.

----------

Autolikidazioa onartu baino lehen

Autolikidazio proposamenak, orokorrean, ondo eginda egoten diren arren, urtean zehar norberaren egoera alda daiteke eta baliteke gauza batzuk ez jasotzea proposamenak.

Dedukzioak

Etxebizitzarengatik dedukzioak badira, kasuistika batzuk ez dira jasotzen: esaterako, etxebizitza hobetzeko edo egokitzeko egin diren obrak.

Dibortzioak

Epaileak dibortzio-sententzia egiten duen momentutik, bi familia-unitate sortzen dira eta zergadunen egoera aldatu egiten da. Kontuan izan behar da epaileak agindutako pentsioek kenkari batzuetarako eskubidea ematen dutela.

Erosketa edo alokairua

Askotan, autolikidazio proposamenak ez du kontuan hartzen urte naturalean zehar izan diren aldaketak: adibidez, ohiko bizilekua errentan hartu bada. Gogoan izan bai etxe-jabeak bai maizterrak desgrabazio aukera onak dituztela.

Batera edo bakarka

Autolikidazioa egiterakoan, sarritan ez da kontuan hartzen zergadunarendako zein den aitorpen modalitate komenigarriena. Baliteke baterako aitorpena hobea izatea unitate familiar batendako.

Urtarrilaren 1etik

Zerga-urtea urtarrilaren 1ean hasten da eta urte osoan izandako aldaketak –egoera zibilean, ondasunetan, aportazioetan…– sartzen dira edo sar daitezke urte horri dagokion aitorpenean. 

----------

Aldaketa asko datorren urteko aitorpenean

Aurtengo urtarrilaren 1a ezkero indarrean dago EAJ, PSE eta PPk adostu zuten erreforma fiskala. Datorren urteko aitorpenean "aldaketa dezente" igarriko dira, Aierdi aholkularitzako Jon Larrañagak dioskunez: aurrezpenaren oinarri likidagarrian bost tramu izango dira; EPSVetan, kontribuzioengatik zerga-oinarria 8.000 euro murriztu ahal izango da, asko jota, eta zergadunaren adinaren arabera ez dira mugak handituko; etxebizitza erosteagatik dagoen mailegu fiskala 30.000 eurotik 36.000 eurora igotzen da, eta gehienezko dedukzioa, %15etik %18ra; jarduera berriei diruz laguntzearren (business angel) %20ko kenkaria egongo da…

----------

Kontuan hartzekoak

Autolikidazio proposamena kudeatzea (onartu edo ukatu): apirilaren 7tik ekainaren 25era arte.

Errenta mekanizaturako txanda hartzea: apirilaren 10etik ekainaren 6ra arte (ordu libreak badaude, gerorako ere bai).

Errenta mekanizatua edo Internet bidezkoa aurkeztea: 

apirilaren 11tik ekainaren 25era arte.

Telefonoz: 

902 10 00 40. Astelehenetik egubakoitzera, 08:00-15:00.

Internetez (autolikidazioa kudeatu, txanda hartu…): 

www2.gipuzkoa.net.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak