Cegasa hartzekodunen lehiaketara

Cegasa hartzekodunen konkurtsoan sartu da gaur. Gasteizko Merkataritza Epaitegian egin du eskaria, finantzazio faltagatik eta bideragarritasun plana aurrera eroateko zailtasunak dituela-eta. Cegasak 900 langile ditu lau lantokitan banatuta, horietatik 500 Euskal Herrikoetan; bi lantegi ditu Gasteizen eta bat Oñatin, eta 75 lagunek dihardute lanean azken horretan –kopuru horri zeharkako langileak gehitu behar zaizkio.

Zuzendaritzak atzo jakinarazi zion erabakia enpresako langile batzordeari; ELA, LAB eta CCOO sindikatuek dute ordezkaritza Cegasako batzordean. 2008. urtetik, galerak izan ditu Oñatin 1934an sortutako enpresak; urtarril amaieran Cegasa taldea hartzekodunen aurre konkurtsoan sartu zen; eta, azkenaldian, zailtasun handiak izan ditu bere jarduerari eusteko. Horregatik sartu da gaur hartzekodunen konkurtsoan.

Irtenbide endependenteak

Cegasa taldearen helburua zen bere jarduera ekonomikoa bideratzea, eta bazkide berrien bila aritu da jarduerari eusteko, hornitzaileei ordaintzeko eta finantza erakundeekiko konpromisoei erantzuteko. Negozio unitate bakoitzarendako irtenbide independenteak aurkitu gura zituen eta horretarako ziharduen bazkide berrien bila.

Lau hilabetetan, bazkide berriak eta bideragarritasun plana finantzatzeko kapitalik aurkitu ez duenez, negozio unitateren bat saltzen ere ahalegindu da Cegasa. Baina, epe laburrean irtenbiderik aurkitu ez duenez, hartzekodunen lehiaketan sartu behar izan du.

"Negozio unitate guztien etorkizuna bermatzen saiatuko gara"

Hartzekodunen lehiaketan sartzearekin batera, bezero, hornitzaile, langile eta modu batera edo bestera Cegasarekin zerikusia duten guztien artean, hurrengo hilabeteetan, irtenbideak aurkitzen saiatuko direla espero du Cegasak. "Gure asmoa da orain arteko prozesu berarekin jarraitzea, hau da, negozio unitate bakoitzarentzat bazkideak bilatzen jarraitzea, guztien etorkizuna bermatzeko. Baina orain, konkurtso-administratzailearen eta epailearen oniritzia ere behar dute erabaki horiek", adierazi digute zuzendaritzatik. Negozio unitate ezberdinen gaineko bideragarritasunari buruz galdetuta, guztiekin lan-lerro berdinak jarraitzen eta ahalegin berdinak egiten ari direla esan digute.

Energia biltzeko gaiak –pilak eta abar–, logistika eta etxe tresna aparailu txikiak dira, azkeneko urteotan, Cegasaren ekonomia jarduerak. Cegasak 124 milioi euro fakturatu zituen 2013an, Europa Press berri agentziak emandako datuen arabera.

Oñatiko enpresa historikoa

Azken sei urteak bereziki latzak izan dira Cegasarentzat. Enpresa historikoa da, Oñatiko ikurretariko bat. 1934. urtean sortu zen, Oñatin. Hasierako negozioa kontsumorako pilak izan ziren, Tximist marka ezagunarekin. 30 urte geroago, 1964. urtean, egoitza nagusia eta jardueraren parte handi bat Gasteizera eroan zituen. Hala izan da gaur egun arte, nahiz eta Oñatin lantegi bati eutsi.

Erlazionatuak

Zuzendaritzaren ordezkaritza bako batzarra izan dute Cegasakoek

Oñati

Gaur (egubakoitza), Cegasarako lan erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko mahaia osatzeko batzarrean langileen ordezkariak bakarrik iza...
Manifestazioak deitu ditu Cegasa Taldeko enpresa batzordeak

Oñati 1

"Lanpostuen eta Cegasa Talderaren Industria-proiektuaren iraunkortasunari eusten lagunduko dion irtenbide hoberenaren" alde bi manifestazio deitu d...
Mikel Biain alkatea Cegasari buruz

Oñati

Mikel Biain, Oñatiko alkatea, Goiena telebistako 'Harira' saioan izan zen martitzenean. Bestelako gaien artean, Cegasari buruz galdetu zion Eneko A...
Cegasa Taldea EREan sartuko da

Oñati

Gaur abiarazi dute prozesua eta hurrengo hitzordua martxoaren 21ean izango da. Orduan eratuko baita EREaren gaineko negoziazio mahaia: 13 kidek osa...
Cegasako langileak: "Kezkatuta, beldurtuta eta harrituta gaude"

Oñati

Hitz horiekin azaldu digu nola sentitzen diren Oñatiko lantegiko LAB sindikatuko Maribel Herrerak, Cegasa hartzekodunen konkurtsoan sartu eta gero....

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.