Gaur (egubakoitza), Cegasarako lan erregulazio espedientearen baldintzak negoziatzeko mahaia osatzeko batzarrean langileen ordezkariak bakarrik izan dira. "Esan digute guk geuk osatzeko mahai hori, komeni zaigun moduan", esan dute LAB sindikatutik. Eta halaxe egingo dute. Oñatitik hiru ordezkarik parte hartuko dute: LAB sindikatuko bik eta ESKko batek.
Jon Mantxola eta Jose Luis Fernandez LABeko kideak eta Jon Kortabarria ESK sindikatukoa izango dira Oñatiko langileen ordezkari, hain justu ere.
Batzarra, egubakoitzean
Gaur zortzi dute lehen batzarra, Gasteizen (martxoaren 28). Oñatiko ordezkariekin batera, Gasteizkoek osatuko dute lan erregulazio espedientearen negoziazio mahaia, honela: ELA sindikatuko sei ordezkari izango dira, bi ESKkoak, eta bana izango ditu LABek, UGTk eta CCOOk. "Uste dugu orduantxe emango dizkigutela EREaren eta hartzekodunen lehiaketaren berri; baina gaur ere hala espero genuen eta…", kontatu dute LABeko ordezkariek.
Bien bitartean, bihar, (zapatua) Gasteizen manifestazioa egingo dute, Gure lanpostuen defentsan leloarekin. 19:00etan aterako dira, Bilbo plazatik.