"Aspaldi ari ginen informazioa eskatzen eta barruko lana egiten, eta bileraren zain geunden. Gauzak ez zeudela oraindik zehaztuta esaten ziguten zuzendaritzatik eta atzeratzen joan da kontua. Baina ikusi dugunean otsaileko nominarekin soilik 750 euro jaso ditugula –denok berdin–, horrela jarraitzerik ez dagoela erabaki eta dagoenaren berri ematera behartu ditugu", dio LAB sindikatuko ordezkariak. Izan ere, otsaileko nominako "gora-behera" horri gehitu behar zaio maiatzeko nomina lau zatitan banatuta zutela eta udako aparteko ordainsaria seitan, eta erabat kobratzeke zituztela oraindik, Herrerak esan digunez.
"Aurre konkurtsoarekin konponduko zen itxaropena genuen, negozio batzuk salduta, baina antza ez da posible izan", gaineratu du. Atzoko urratsa izan da horren ondorio zuzena: Cegasa hartzekodunen konkurtsoan sartu da. Herenegun jakinarazi zien erabakia zuzendaritzak langile batzordekoei.
Ondorioz, konkurtso-administratzaileak eta epaileak onartu beharko dituzte aurrerantzean hartuko dituzten erabakiak; "zuzendaritza alde batera geratzen da apur bat", LABeko ordezkariaren hitzetan. Eta eskaera zuzena egin dute: informazio osoa jasotzea eta auditoreak etortzen badira langile batzordeko ordezkaritza bat ere bertan egon ahal izatea.
"Normaltasunez" lanean
Momentuz badute materiala eta "normal" ari dira lanean, baina ez dakite noiz arte: "Normal ari gara oraingoz, baina txarrena da, dirurik ez dugunez, ez dakigula materiala bukatzean zer gertatuko den. Ikusi egin beharko da lehentasun batzuk zehazten diren edo ez, bezero batzuei zerbitzua ematen jarraitzeko moduan izango ote garen, eta zalantza da kobratzea ere", dio Herrerak.
2013an lehen sintomak nabaritzen hasi zirela kontatu digu: "Gutxiago saltzen zela, kaxan dirurik ez zegoela, zor handiak genituela... bankuekin negoziatzen ibili dira aspaldian, baina azkenean ez da akordiorik egon".
"Beldurtuta"
"Kezkatuta, harrituta eta beldurtuta". Horrela sentitzen dira uneotan, LAB sindikatuko Maribel Herrerak kontatu digunez. Balorazio bat egiteko goizegi da, ordea, bere esanetan.