Cegasa, aurre konkurtsora

Eneko Azkarate 2014ko urt. 30a, 22:31
Cegasak Oñatin duen lantegia.
Finantzaketa arazoak direla-eta, Cegasak konkurtso legearen aurrekora joko duela jakinarazi die gaur Euskal Herrian dituen lantegieen ordezkariei, eta prentsa oharra bidali du zuzendaritzak horren berri ematen.

Langileen ordezkariekin izandako bileran iragarri du gaur Cegasak konkurtso legearen aurrekora jokoko duela. Berria egiunkariaren webguneak dio sindikatuetako iturriek azaldu dutela zuzendaritzak ez duela oraingoz kaleratzerik proposatu. Zuzendaritzak prentsa oharra bidali du, esanez taldearen etorkizunak negozio bakoitzarendako soluzio propioak eskatzen dituela, bazkide berriekin, beharbada. Aurre-konkurtsoa "aktibitatea berriz egituratzeko" modu gisa aukeratu du enpresak, prentsa oharrean dioenez. Azkenaldian, lankide edo sozio berriak bilatzen ibili da Cegasa eta, enpresaren esanetan, "negoziazioak" zabalik daude eta "datozen hilabeteotan" haiek modu onean ixteko "itxaropena" du. Horrela bada, enpresaren esanetan, "jarduerari eutsiko litzaioke, hornitzaile guztiei ordainduko litzaieke eta, azkenik, finantza-erakundeekin dauden konpromisoei erantzungo litzaieke". Auzitegian aurre-lehiaketa eskatzen badu Cegasak, lau hilabeteko epea izango du hartzekodunekin negoziatzeko.

Cegasak asko dibertsifikatu du bere jarduera azken urteetan; negozio tradizionala pilak ziren (Tximist pila ezagunak), baina, denborarekin, errentagarritasuna galtzen joan zen negozio hori eta beste batzuei ekin zien Cegasak. Gaur egun, energia-almazenamendua –bateriak–, logistika –batez ere Cega negozioarekin– eta etxetresna txikia –Solac marka– dira beste negozio batzuk. Energia-soluzioak ematen ditu ere Cegasak hainbat alorretan; besteak beste, errepideetako argi-seinaleak egiten ditu. Dena dela, kontsumo-krisiak gogor eragin diola onartzen du enpresak, irabaziak murriztuz.

Taldea zatitu

Komunikabideetan agertu da Gasteizen batzarra egin zela zuzendaritzaren eta ordezkari sindikalen artean; baina ordezkari sindikal batzuek gaur, egubakoitza, jakin dute aurre-lehiaketaren berri, eta gaur goizean oraindik "informazioa batzen" zebiltzan. Iturri horien arabera, talde baten –Cegasa Internacional– zati izateak eta hainbeste negozio desberdin izateak Cegasaren egoera baldintzatu du: "Produktu batzuk errentagarriak dira eta beste batzuk, ez". Zeharkako eskulanaren gaineko EREan dago Cegasa. Dena dela, iturri sindikalen arabera, Oñatin egiten den negozioa –manganesoa ekoiztea– "ondo" doa eta Oñatiko planta lanean dago. Azken hilabeteotan "prozesu" baten egon da Cegasa, eta langileak zuzendaritzaren erabakiaren zain zeuden, enpresaren egoera ona ez zela jakinda. Iturri sindikalek hau gaineratzen dute: "Beste bilera baten, esan ziguten enpresa egoera larrian zegoela; eta orain, aurre-lehiaketan, ikusi beharko da bideragarritasun planen bat dagoen".

Zuzendaritzaren joera edo aukera taldea banatzea izango litzateke, errentagarriak diren zatiei eutsiz eta gainerakoendako beste irtenbide bat bilatuz; baina, ordezkari sindikalen arabera, "banatzea oso zaila da, talde handia delako eta langile asko daudelako; prozesua luzea izango da".

Pilen krisia

Ez da Cegasak duen lehen krisia. 2008 eta 2011 urteetan enpleguaren erregulazio eskaerak egin zituen. Prozesu horien ondorioz, Cegasaren produktu historikoa, pilak, egiteari utzi zion Arabako hiriburuan.

Enpresa historikoa da Cegasa –Celaya, Emparanza y Galdos, sortzaileen abizenak; Juan Zelaia Letamendi Upain da horietako bat–, eta 1934. urtean sortu zen Oñatin. 30 urte geroago, 1964. urtean, egoitza nagusia Gasteizera lekualdatu zuen. Gaur egun, lantegi bat du Oñatin eta hiru Gasteizen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak