Eroskik oso balorazio positiboa egin du ekarpenen auzian absolbitu egin dutelako

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 27a, 16:31
Eroskiren supermerkatua, Oñatin.
Eroskik bere poza agertu du ekarpen subordinatuen gaineko auzian epaileak errugabe jo izanagatik. Bilboko 1. Merkataritza-Auzitegiko Marcos Bermudez epaileak gaur, astelehena, jakinarazi duen epaiak absolbitu egiten du Eroski ADICAEk ipini zion salaketa kolektibotik, eta BBVA, beste epaitua, aldiz, zigortu egin du.

Epaiketa sententziaren zain bukatutzat utzi zuten joan den eguaztenean. BBVA zigortzeko —hark komertzializatu zituen ekarpenak— eta Eroskiri absoluzioa emateko eskatu zuen fiskalak. Gaur jakin den moduan, epaileak fiskalaren eskaerari kasu egin dio eta, gainera, orain arte egin izan diren beste epaiketa batzuen ildo bera jarraitzen du honako epaiak ere: komertzializatzailea –banketxea– zigortu izan dute beste epai batzuek ere, baina jaulkitzaile edo emisorea –Eroski– absolbitu.

Bilboko 1. Merkataritza-Epaitegiak esan duenez, "egindako publizitatearengatik Eroski kondenatzeko kausarik ez dago" eta, horregatik, "erantzukizun guztietatik absolbituta geratu behar da".

Eroskiko Ekonomia eta Finantza zuzendariak, Rosa Carabel-ek, "oso positiboki" baloratu du sententzia, eta honakoa esan du: "Ekarpen subordinatuen jaulkipena zuzena izan da; beti, indarrean zegoen araudiaren arabera eta Balio-Merkatuaren Espainiako Batzordearen adierazpenak jarraituz, hura baita erakunde erregulatzailea eta gainbegiratzailea". Hauxe gaineratu du: "Absoluzio sententzia horrek berretsi egiten du Eroskik exijitu ziezaiokeen guztia eta komenigarri eta beharrezko zen guztia egin duela inbertitzaileak gure tituluak erosteko momentuan informazio guztia izan zezan. Argi dago Eroskik, jaukitzaile gisa, dokumentazio oso eta egokia sortu zuela inbertitzailea ondo informatzeko, komertzializazio prozesuak zirauen bitartean".

Eroskik gogorarazi du ez duela inoiz komertzializazio prozesuan parte hartu, izan ere, balio-merkatuaren legearen arabera, ezin du rol hori egin; komertzializazioa erakunde finantzieroek bakar-bakarrik egin dezakete. Kasu honetan, BBVA banketxeak egin zuen lan hori.

Salerosketa, gakoa

Salerosketaren unea ikusi du epaileak gakoa bere ebazpena emateko. Ondorioz, Eroskiren ekarpenak erosi zituzten eta salaketa jarri duten 68 bezeroen ekarpenen kontratuak baliogabetzen ditu erabakiak, eta BBVA 2004tik 2007ra bitartean bezeroek egindako diru ekarpenak itzularaztera behartzen du. Bezeroek, era berean, kobratu dituzten interesak bueltatu beharko dituzte.

Eroskiren publizitatea iruzurgilea zela erabakitzea lortu ez arren, 68 bezeroen izenean salaketa jarri duen Adicae elkartetik positiboki baloratu dute erabakia, eta gaineratu egoera berean egon daitezkeen beste bezero batzuei itxaropena ematen diela.

30.000 erosle izan zituzten Eroskiren ekarpenek, 2002tik 2007ra, eta 200 milioi eurotik gora banatu ditu Eroskik jada interesetan. Gaur egun ekarpenek merkatuko balioaren %60 galdu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak