Rikardo Gonzalez de Durana: "Eroskik egin digun proposamena guztiz onartezina da"

Leire Kortabarria 2014ko urt. 18a, 20:20

Hilaren 21ean eta 22an hasiko da Eroskiren eta BBVAren aurka Adicae elkarteak ipini duen salaketaren epaiketa, ekarpen subordinatuak –euskal preferenteak deituak– direla-eta. Kaltetuak elkarteak epaiketa hori jarraituko duela esan du. Bestalde, egunotan jakin da Eroskik ekarpen subordinatuen jabeei auzia konpontzeko egin dien proposamena.

Epaiketa laster hasiko da. Zer diozue Kaltetuak elkartekook?

Adicae-k ipintzen du salaketa, eta guk ikusi egingo dugu zer gertatzen den. Irabaztea opa diegu, baina bide judiziala labirintua da, izan ere, nahiz eta epaiketa bat irabazi, bankuek edo Eroskik helegitea ipini dezakete eta Auzitegi Konstituzionaleraino irits daiteke kontua. Kaltetuak elkartearen barruan, batzuk bide judizialetik joango dira, baina beste batzuek ezin dute.

Kaltetuak elkartekoak zertan zabiltzate?

Lehengo boikot aktiboa indartu dugu. Gero, Eroskik proposamen bat egin digu, eta Kontsumobidetik eskaintzaren diseinua azaldu ziguten, eta onartezina izango da. Kenketa edo kita handia egin nahi dute, eta ematen dutena, bonuekin trukatu. Orduan, gure diru gehiena galduko genuke, eta guk gure diruaren %100 exijitzen dugu. Bestalde, Eroski ez da gurekin zuzenean harremanetan jarri.

Fagor Etxetresnak ixteak ze eragin izan du zuengan?

Oso eragin kezkagarria, noski, 10.000 kaltetu daudelako. Guk pentsatzen dugu hau Mondragonek konpondu behar duela, Fagor Etxetresnak Mondragoneko enpresa zelako. Dena dela, guri berdin digu Fagorrek, Eroskik, banketxeek… iruzur honetan parte hartu duen edonork dirua ematen badigu. Gura duguna da gure dirua berreskuratu.

Prozesu konkurtsalean zaudete?

Elkartekoei esaten ari gatzaizkie nola jokatu behar duten, norberak parte hartu nahi badu. 18an bukatuko da aurkezteko epea. Hortik aurrera, norberak erabaki behar du aurkeztu nahi duen edo ez.

Albistea: Inbertitutakoaren %70 berreskuratzeko proposamena egin die Eroskik ekarpenen jabeei

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak