30.000 erosle izan zituzten Eroskiren ekarpenek, 2002tik 2007ra, eta 200 milioi eurotik gora banatu ditu Eroskik jada interesetan. Arazoa da ekarpenen jabeek ezin dituztela haiek utzi, betierekoak direlako, eta ekarpenak saldu nahi izanez gero aurrena eroslea topatu behar dutela eta erosi zituztenean balio zutena baino %40 inguru balio dutela orain.
Finantza-ekarpen subordinatuak "produktu legalak" dira, Mondragon Korporazioaren arabera; izan ere, merkatuak eta Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak baliozkotu zituen.
Adicae erakundearen eskutik salaketa kolektiboa jarri zuten 68 kaltedunek Bilboko Merkataritza arloko epaitegian. Informazio "eskasa" jaso zutela eta produktuen "arriskuaz" ez zituztela ohartarazi azpimarratu zuten.
Atzo hasi eta gaur amaitu da epaiketa, Bilboko Justizia Jauregian. Marcos Bermudez epaileak datorren astelehenean, hilak 27, 11:30ean deitu ditu bi aldeak epaiaren berri emateko.