Adicae-ren lege-ordezkariek eguazteneko sesioan esan zutenez, Eroskik ahalegina egin zuen ekarpenak betirako zirela estaltzen, eta kontratuak baliogabetzeko eskatu zuen, klausula engainagarriak zeudela esanez.
Fiskalaren esanetan, klausulak "abusiboak" ziren, eta banketxearen aldetik "gardentasun eta informazio falta" egon zen. BBVArendako zigorra eskatu du, baina ez Eroskirendako, ekarpenen emisioa legezkoa izan zela argudiatuta. Fiskalaren iritziz, ez da frogatu publizitate engainagarria egon zenik, ez eta publizitateak bezeroak akatsera eroan zituenik.
Eroskiko Komunikazio arduradun Oscar Gonzalezen esanetan, "aurretik egon dira ekarpenen jabeen aldeko epaiak, baina komertzializazioarengatik izan dira denak, ez emisioarengatik; Eroskik BMEBen irizpideak bete ditu, eta urtero-urtero bete ditu bere konpromisoak; aurten ere interesak banatuko ditu". Gonzalezek gogorarazi du ekarpenak 2002an erosi zituztenek "dagoeneko balio nominalaren %63 jaso" dutela interesetan, eta aurtengo ordainketa urtarrilaren 31n egingo zaiela.
Eroskiren ikuspuntua, ekarpen subordinatuak erosi zituen bergarar baten hitzak eta Eroskik bankuekin duen zorraren gaineko zehaztapenak, gaurko GOIENA paperean.