Inbertitutakoaren %70 berreskuratzeko proposamena egin die Eroskik ekarpenen jabeei

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 17a, 09:18
Eroskiren supermerkatua, Oñatin.
Egindako ekarpenaren %15 eskudirutan ordaintzea eta beste %55, berriz, 12 urterako bonuen truke ematea dakar irtenbideak. %30eko kita legoke edo, beste modu batean esanda, 200 milioi euro barkatzea. Kontsumobidek bitartekaritza lanak egin ditu akordio horretan, baina Kaltetuak elkarteak ez du begi onez ikusi proposamena.

Baldintza zehatzak atzo arratsaldez jakinarazi zituen kooperatibak, CNMV Espainiako burtsa ikuskatzaileari igorritako ohar batean. Gaur egun merkatuan dituen eperik gabeko ekarpenen truke, bi ordain proposatu ditu:

  • Hamabi urteko epea duen bonu bat ematea, ekarpenek duten balioaren %55 izango duena. Bonu horren truke interesak ordainduko ditu urtero: Euriborra +%3.
  • Dirutan, ekarpenen balioaren %15 itzuli nahi die erosleei: 3,75 euro ekarpen bakoitzeko.

Ekarpenen jabe guztiek trukea onartzen badute, dirutan 99 milioi euro ordainduko dizkie Eroskik, eta beste 363 milioi hamabi urterako bonuetan. Jarritako diruaren %30 galduko lukete 30.000 inbertitzaileek: 7,5 euro ekarpen bakoitzeko.

Kaltetuak elkartea ez dago galerak onartzeko prest

Trukearen iragarpenari buruz Eusko Legebiltzarrean hitz egin zuen ekarpenen erosleak biltzen dituen Kaltetuak elkarteak. Hasieran jarritako diruaren parte bat galtzea dakarren edozein akordio ez dutela onartuko esan zuen Jose Antonio Urrutia elkarteko ordezkariak. Gainera, "normala" ikusten dute Eroskik eta bankuek proposamen hori egitea, aldiz, "onartezina" deritzote eskaintzak Eusko Jaurlaritzaren babesa izateari.

Zalantzan jarri dute, era berean, orain eskaintzen zaizkien bonuen fidagarritasuna. Izan ere, menpeko ekarpenen kasuan, enpresak porrot egiten badu, inbertitzaileak ia azkenak dira hartzekodun zerrendan, eta jarritako dirua galtzeko arrisku handia dute.

"Iruzurra" ala "legezkoa"?

Guztira, 660 milioi euro saldu zizkien, bankuen bidez, 30.000 inbertitzaileri, joan den hamarkadan. Jarritako diruaren truke erosleek interes jakin bat jasotzen ari dira urtero. Arazoak krisia iritsi denean egin du eztanda: ekarpen horiek betiko dira. Hots, ezin da dirua berreskuratu kooperatibak atzera erostea erabaki edo Eroski bera desegin arte.

Eperik gabeko izaera horrekin haserre, erosle ugarik "iruzurra" egin izana leporatu diote Eroskiri eta salmenta egin zuten finantza erakundeei. Kooperatibak, berriz, egindako jaulkipena legezkoa izan zela esan du beti.

Elkarrizketa astelehenean

Asteleheneko GOIENA aldizkarian, Kaltetuak elkarteko buru Rikardo Gonzalez de Duranarekin elkarrizketa irakurtzeko aukera izango duzue.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak