Udalbatzak aho batez onartu zuen Muxikaren atxilotzearen eta balizko espetxeratzearen harira irakurritako adierazpen ofiziala (beherago, puntuz puntu). Alde bozkatu zuten Bilduko bost zinegotzik –Andoni Solupek dimisioa aurkeztu zuen eta haren lekua ez du beste inork bete oraingoz– eta Aramaioko Alkartasunako biek; EAJko zinegotzia ez zen osoko bilkuran egon.
Eserialdia eta bideo proiekzioa
Zinegotziek Libre! Elkartasunetik konpromisora! lelodun kamiseta laranjak zeramatzaten soinean. 10 bat minutu iraun zituen ezohiko osokoak eta ostean, albokariek lagunduta, herri sarrerako biribilgunera jo zuten ekimenarekin bat egindako herritar eta debagoiendarrekin batera eserialdia egiteko. Txalaparta doinuak entzun eta Sastiñarako bidea hartu zuten gero, Irati Muxikak atxilotua izan aurretik prest utzi zuen agur bideoa ikusteko.
Eguen arratsaldean atxilotu zuten, Aramaion, kaleko jantzitako poliziek. Haren gaineko azken berrien arabera, Martutenen dago eta litekeena da gaur bertan eramatea Madrilera. Segiko kide izatea egotzita 26/11 sumarioan auziperatuta zegoen, baina ez zen agertu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketara.
Aramaioko Udalbatzaren ustez, gazte mugimenduaren baitan egindako lan politikoagatik atxilotu dute. "Ekinbide politikoagatik diren epaiketa eta espetxe-zigorrek ezin dute tokirik izan, are gutxiago egun bizi ditugun itxaropenezko garaiotan. Horrelako ekinbideak aurkako norabidean doaz", adierazi dute.
Adierazpen ofiziala
Ezohiko osoko bilkuran onartutako adierazpen ofiziala, osorik:
1. "Euskal Herrian garai politiko, ziklo politiko berri baten irekiera bizitzen ari gara, benetako eta egiazko demokrazia eta bakea lortze bidean. Behingoagatik eta betirako, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konponduko duen ziklo politiko berri bat.
Horrela, Irati Mujikaren kasuan bezalako atxiloketak ez dute tokirik izan behar garai berriotan. Horrelako ekinbideak, hain justu, aurkako norabidean doaz.
2. Azken hilabeteotan ezagutu ditugun erabaki historikoak ikusita, eta Aieten ospatu zen Nazioarteko Konferentzia mugarri izanik, non nazioarteko komunitateak gatazka gainditzeko norabidea marraztu duen, ulertezina da Irati Mujika atxilotzea.
Gazte mugimenduaren baitan egindako lan politikoagatik atxilotua izan da Irati Mujika. Ekinbide politikoagatik diren epaiketa eta espetxe-zigorrek ezin dute tokirik izan. Are gutxiago egun bizi ditugun itxaropenezko garaiotan.
Eskubide guztiak guztiontzat. Eskubide zibil eta politikoak guztiontzat. Baita Irati Mujika eta euren ekinbide politikoagatik espetxeratuak dauden eta epaituak izaten ari diren euskal herritarrentzat ere.
3. Testuinguru honetan, non guztioi dagokigun garai politiko berriari ekarpena egitea, euskal preso politikoen Euskal Herriratzea agenda politikoan dagoenean eta Euskal Herriko gehiengo politiko, sozial eta sindikalak exijitzen duen unean, Irati Mujikaren atxiloketaren gisako ekintzak aurkako norabidean eragiten dute.
4. Aramaioko Udalbatzak, Estatu Espainol eta Frantsesari exijitzen die, euren jarduera politiko hutsarengatik Euskal Herriko herritarren sektore zabalen aurkako jazarpen eta eskubideen urraketa, berehala eta behin betiko, eten ditzaten.
5. Honengatik guztiagatik, Aramaioko Udalbatzak Irati Mujikaren atxilotze eta balizko espetxeratzea gaitzesten du, bere askatasuna galdegiten du eta, bidez batez, Estatu Espainolari eta Frantsesari deia egiten die gatazka politikoa konpontzeko prozesu honetan pausuak eman ditzaten".