Irati Muxika atxilotu ostean elkarretaratzea egin dute Aramaion bertan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko urt. 9a, 20:28

Irati Muxika atxilotu ostean, 19:30ean, 20 bat herritarrek elkarretaratzea egin dute Aramaioko Añai tabernaren kanpoaldean. 'Irati Libre, euskal gazteria aurrera!' leloa zuen pankartaren atzean jarri dira. Elkarretaratzea hasi berri zela, atxilotuaren bikotekide Jokin Orobengoak atxiloketa nola eman den azaldu die bertaratutakoei.

Herritarrekin egon ostean Orobengoak GOIENAri azaldu dionez, era baketsuan atxilotu dute Muxika. Hala ere, tentsio uneren bat bizi izan da; Orobengoa bera atxiloketa saihesteko autoaren aurrean lurrean etzan denean, hain justu: "Arrastaka kendu naute bidetik eta saihetsean ere eman dizkidate zenbait kolpe", adierazi du.

Era berean, azken asteetan jarraituak sentitu direla ere aitortu du Orobengoak: "Azken hilabete osoan zehar auto susmagarri ikusi izan dugu lekuz aldatzen eta herritarrek ere sumatu dute poliziaren presentzia. Gu bizitza normala eramaten saiatu gara", gaineratu du.

Irati Muxikaren mezua

Irati Muxikak honako mezua helarazi gura izan du atxilotu aurretik grabatutako bideoan:

"Desobedientziaz libre bizitzea zer den... herri bizitzan parte hartzea... ezkutatzea eta lanean jarraitzea... guztia posible izan da azken hiru hilabeteetan. Negu hasiera honetan bereziki gure etxeko atea ireki denean, ekonomatoan berriz burubelarri sartzean, mendi irteeran parte hartzean.. Iratira lanera itzultzeko aukera izateraino. Hau baldin bada desobeditzea, lanerako tresna paregabea dela esango nuke. Normaltasunez bizi dugulako, ekarpen asko bil ditzakeelako, etengabeko metamorfosian den harresia osatzen ari gara maskara, alboka, kopla, azoka, kontzentrazio eta txalaparta doinuz."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak