Kamioiei bidesaria kobratzeko proposamena, Batzar Nagusietara

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 13a, 10:19

Berebiziko garrantzia du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarteren esanetan, herrialdean kamioiei bidesariak kobratzeko martxan jarri nahi duten arkupe bidezko sistema berria —Arkupe deitua— lehenbailehen ezartzeak; tartean, Deskargan. Gobernu kontseiluak onartu du egitasmoa, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietara daramate orain, akordioa lortzeko asmoz. 26 milioi euro jaso gura dituzte sistema horren bitartez.

Kamioiei bidesaria kobratzeko akordioa nahi du EH Bilduk eta egitasmoaren aldeko jarrera eskatu die oposizioko kideei. Izan ere, koalizioko ordezkarien esanetan, egoera esaten dena baino larriagoa da, ez dutelako nahikoa baliabide errepideen mantentze lanetarako eta, ezer egin ezean, 2015. urtean hamar milioi euro jarri beharko direlako Bidegiren zorrari aurre egiteko –900 milioi euroko zorra. Horregatik hartu dute, Larraitz Ugarteren hitzetan, kamioiei bidesaria kobratzeko hautua, "nahiz eta ez izan gogoko erabakia", eta gogora erazi du "sare transeuroparrean" dagoela Gipuzkoa, eta kanpoko ibilgailu astun asko igarotzen direla bertatik; laurdena bakarrik dira Gipuzkoakoak.

Hamalau arku jarri nahi dituzte errepide sare nagusian: A-15, N-121, N-1 eta G-632 (Deskarga) errepideetan. Eta araua onartu eta hamabi bat hilabeteren bueltan martxan nahi lituzkete. Kalkulatu dute, era horretan, urtean, 26 milioi euro inguruko diru sarrerak izango dituela aldundiak.

Bidesaririk ez! mezutik datozela onartu du Ugarte diputatuak, baina gaineratu du arazo "handi" bat dagoela eta "axolagabekeria" litzatekeela beste alde batera begiratzea. Horrez gain, Foru gobernuak jarrera "malgua" izan duela oroitarazi die oposizioko kideei: "Hasierako asmoa zen bidesariak kobratzea nola kamioei hala ibilgailu arinei; baina plana eraldatu dugu. Gu mugitu egin gara".

Garraiolarien sindikatuak, kontra

Garraiolarien sindikatuak hasieratik azaldu dira proiektuaren kontra; Hiru garraiolarien sindikatuak, esaterako, gogor salatu du sistema berriak kamioilariei ekarriko dien kaltea. Ugartek ez du ukatzen tokiko zenbait garraiolariri bidesari berriek "aparteko zama" ekarriko dietela eta azaldu du ahal duten "guztia" egingo dutela laguntzeko.

Oposizioko taldeak, Etxegarateko aukeraren aldekoago

Proposamena aurrera ateratzeko ezinbestekoa da, ordea, Batzar Nagusietan onartzea, eta ikusteke dago zer gertatuko den. Izan ere, EH Bilduk ez dauka gehiengorik eta oposizioko alderdiek ez dute, momentuz, sistema horren aldeko jarrerarik erakutsi.

EAJ alderdiak argi eman du ezezkoa. "Ez dugu Foru Aldundiaren proposamena babesteko asmorik", adierazi du Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzaleak. Aditzera eman duenez, foru gobernuaren partetik jaso dituzten datuetan "ez dago zorroztasunik" eta ezin dute egitasmoa sostengatu. Aurreko legealdian kanpoko kamioientzat Etxegaraten bidesaria kobratzen hastea proposatu zuten jeltzaleek, eta irmo jarraitzen dute proposamen horren alde. Ordezkari jeltzalearen ustez, aldaketa handia ikusi beharko dute ituna lortzeko

PSE-EEren izenean, Eneko Andueza batzarkideak, auzitan jarri du proiektuaren alde teknikoa. "Kontzeptu gisa ona da, baina ez da guztiz fidagarria", ondorioztatu du. "Gure proposamena Etxegaraten arkua jartzea da, eta ematen dituen emaitzen arabera, beste puntu batzuetara eramatea", azaldu du.

PPko batzarkide Iñigo Manriqueren arabera, sistema berria teknikoki "bideragarria" da, eta ez daude kontra, baina dudak ditu: batetik, garaia baino lehen "zaharkituta" gera daitekeen zalantza du, eta ez daki, gainera, ordaintzen ez duten erabiltzaileak ordainarazteko "aski baliabide" izango diren; bestetik, gipuzkoarrei ere kobratzea ez du ondo ikusten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak