Atzera bota dute Arkupe sistema oposizioko hiru talde politikoek. EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek aurka bozkatu zuten (28) atzo Batzar Nagusietan. Ondorioz, egitasmoa gelditu dute. Bilduk eta Aralarrek aldeko botoa eman zuten (22).
"Oposizioak esan dezala zer egin orain", adierazi dute Aldunditik. Gaineratu dute Bilduren Gobernuak egin duela eginbeharreko guztia. "Foru araua aurkeztea eskatu zitzaion eta aurkeztu zuen. Gainera, oposizioak jarritako baldintza guztiak betetzen dituen foru araua".
Bilduren Gobernuak uste du oposizioak arduragabekeriaz jokatu duela. "Eurek sortu zuten arazoa eta hori konpontzeko proposamen integrala egin dugu guk. Eurek, berriz, konponbideari atea itxi diote". Horretaz gain, Aldunditik esan dute erabaki hau gipuzkoarren kalterako dela nabarmen.
Foru arau zehatza Deskargarako
Aurreko astean Mugikortasun Batzordea deitu zuen Larraitz Ugartek, Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua, bidesarien gaia gainerako alderdiei azaltzeko. EAJ eta PSE-EE alderdiek Deskargarako foru arau propioa aurkeztea eskatu zioten Gobernuari, batzorde horretan. Bilduren Gobernua, baina, ez dago horrekin ados. Ez du ibilgailu arin eta astunentzat bidesaria jartzerik nahi Deskargan. "Guri erabat injustua iruditzen zaigu Deskargan bidesaria jartzea, gainerako kapazitate handiko errepideak doakoak diren bitartean. Makel Olanok sinatu zuen hor bidesaria egongo zela banketxeekin, eta beraz, berak eman beharko ditu azalpenak".
Aldunditik gaineratu dute: "Arkupe izugarrizko proiektua da eta goizago edo beranduago Arkupe edo antzerako sistema bat jarriko da Gipuzkoan, alderdi guztiak ados daude-eta horrekin eta Europako joera ere hortik doa".
2015eko apirila
Aldundiaren esanetan, Olanok banketxeekin sinatutako hitzarmen horretan zehazten da 2015eko apirilerako jarrita egon behar duela bidesariak Deskargan; eta beraz, bidesaririk jartzen ez bada, banketxeek kreditua itzultzea eska dezaketela, adibidez.
"Ugarteren kudeaketaren porrota"
Alderdi jeltzaletik Aintzane Oiarbidek dio Bildu bakarrik geratu dela Arkupe sistema defendatzen. "Larraitz Ugarteren errepideen kudeaketaren porrota argi geratu da. Ez da gai izan inorekin akordioetara iristeko, talde politiko guztiak eta HIRU sindikatua aurka azaldu dira". Gaineratzen du Ugarte "bidesaririk ez" defendatzetik, "bidesaria errepide guztietan" eredura pasa dela. Bilduk aurkeztu duen bidesari sistemak diru bilketa hutsa duela helburu ere badio eta EAJ ez dagoela ados. Bestalde, Oiarbidek dio Ugartek Deskargan bidesaria jartzea Olanoren ardura dela esaten duenean, demagogia egiten duela, egun bera delako arduraduna.