Handik aurrera, Aloñak menderatu zuen baloia, jokoa eta zelai erdia; eta berdintzeko hainbat aukera izan zituen. Bi oso garbiak, eta biak Unai Bikuñaren eskutik: burukada gora bota zuen eta baselina, kanpora.
Dena den, atsedenaren aurretik eta ondoren Bergarak lehia erabakita uzteko aukerak izan zituen. 42. minutuan Pedrok ez zuen asmatu atezainaren aurrean, eta 47.ean Ugaldek kanpora bidali zuen baloia.
Zazpi gol aukera
Bergarak ez zuen bigarrena egiten asmatu, eta handik aurrera Aloñak agindu zuen Agorrosinen. Asier Ugarteren eta Gaizka Zelaiaren abiadura aprobetxatuz, gol aukera asko sortu zituzten: 52. minutuan Bikuñak izan zuen; 58.ean, 59.ean eta 68.ean Ugartek (azken horretan Realeko Iñigo Martinezen antzera, zelai erditik atezaina gainditu gura izan zuen); 81.ean Zelaiak; 84.ean, Idigorasek; eta luzapenean, Zelaiak berriro.
Iñaki Mardaras atezainak lan estra izan zuen behin eta berriz Aloñaren erasoak gelditzen. Neka Galanen taldeak lerroak asko atzeratu zituen, eta ez zen zelai erdian baloia mozteko gai izan.
Bergararrak bukaera eskatzen zeudenean, azken jokaldia egin zuen Aloñak, eskuinetik.
Zelaia area barruan sartu zen, eta lurrera erori zen. Jokalariek eta zaleek penalti eskatu zuten. Ibañez epaileak ez zuen ezer adierazi. "Niretako penalti garbia izan da", esan zigun Bergarako atezainak.