Lehen zatiko akatsen ondorioz, Aloñak galdu (54-60)

Irati Goitia 2011ko abenduaren 11

Atzo, zapatua, arratsaldean Azpeitiko Errotaundi hartu zuen Aloñak Zubikoan. Sailkapenean aurraldean doan arerioa da Errotaundi. Oñatiarrek gogor lan egin behar izan zuten partiduaren amaieran, lehen zatian akats asko egin ziztuzten-eta.

Aitor Ugarteren mutilek motel hasi zuten lehia. Baloi dezente galdu zituzten eta defentsan makal ibili ziren. Hain zuzen, aurkaria gelditzen egin zituzten hutsetan egon zen lehen zatiko gakoa. Izan ere, hor lortu zuen arerioak abantaila. Bestalde, azpeitiarrek saskiratze asko egin zituzten, eta oñatiarrek ez zuten erasoan baloia jokoan jartzetik lortzen. Hala ere, kanpoko taldeak ez zuen alde handirik lortu; lehen laurdena sei puntuko nagusitasunaz amaitu zuten (9-15).

Bigarren laurdenean hobeto aritu ziren etxekoak. Aurkariaren erasoari eustea lortu zuten eta markagailuan aldeak murriztu zituzten. Azkenean, atsedenaldira hirugatik galtzen joan ziren Ugarteren mutilak (26-29).

Bigarrenerako lan ugari

Aloñako jokalariek arerioaren jokoa gelditzea lortu zuten bigarren zatian. Taldean defenditzen hasi ziren eta horrek emaitzak eman zituen. Horretaz gain, erasoan pazientziaz jokatzen hasi ziren: baloia mugituz, taula azpian ondo arituz eta barruan asmatzen ez zutenean kanpoan saiatuz. Horrenbestez, lehia berdintzea ere lortu zuten etxekoek (37-37) hirugarren laurdenean.

Entrenatzaileak talde beteranoa atera zuen kantxara azken laurdenerako eta ondo aritu ziren. Bigatik galtzen zeuden oñatiarrak eta izan zuten berdintzeko aukera.  Izan ere, bi falta pertsonal izan zituzten alde, baina ez zuten jaurtiketetan asmatu. Hortxe joan zitzaien partidua etxekoei. Azkenean, arerioak bi jaurtiketa libre saskiratu eta eraso azkarrean beste bi puntu lortu eta 54 eta 60 amaitu zen norgehiagoka.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak