Grebak jarraipen zabala izango du Debagoienean

Irati Goitia 2011ko urtarrilaren 26a

GOIENAK jasotako datuen arabera, biharko grebak jarraipen zabala izango du; bai enpresen artean -kooperatiba asko izango dira grebara batuko direnak- eta baita hezkuntzan ere, ikastetxe asko itxiko baitituzte.  Pentsioen erreformaren aurka, euskal gehiengo sindikalak deitu du biharko greba.

ALBISTEAK:

Oñati: Enpresa handienek, Udalak, hezkuntzak eta merkatariek greba egingo dute

Arrasate: Arrasateko zerbitzu asko itxita izango dira, greba dela-eta

Bergara: Bergarako enpresa gehienak, grebara

Aretxabaleta: Zerbitzu gutxi izango da bihar, grebaren ondorioz

Eskoriatza: Greba igarri egingo da herrian

Antzuola: Udal zerbitzuak itxita, greba dela-eta

Elgeta: Elgetako udal zerbitzuak itxita egongo dira, greba dela-eta

Debagoiena: Kooperatiba askotan greba egingo dute

ELA, LAB, EHNE, HIRU eta EILASEk deitu dute biharko greba, eta deialdiarekin bat egin dute Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek, besteak beste. Espainiako Kongresuan etzi bozkatuko dute pentsioen erreforma, eta greba, bezperarako deitu dute sindikatuek, alderdien botoak baldintzatzeko helburuarekin.

Grebarekin, pentsioen erreforma lan erreformaren luzapena dela salatu nahi dute sindikatuek, pentsioen erreformak langileen eskubideak urratzen dituela deritzote eta horregatik egin diete kalera irteteko deialdia langileei. 

Erreformako punturik eztabaidatuenak erretiroa hartzeko adina 65 urtetik 67ra atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko kotizazio urteak 15 izatetik 20 edo 25 izatera pasatzea dira.  

Goienak jaso dituen datuen arabera, gure bailaran grebak jarraipen zabala izatea aurreikusten da. 

Udalei dagokienez, bailarako herri guztietan egingo dute greba Leintz Gatzagan izan ezik. Aramaioko berri ez dugu jasotzerik izan. Ondorioz, bi herri horietan salbu, udalek zerbitzu minimoak eskainiko dituzte. Esaterako, Bergara, Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Elgetako kiroldegiak itxita egongo dira. Arrasaten herri barruko autobusak %30eko maiztasunarekin ibiliko dira. Eta Lurraldebusek -Pesak- bere aldetik, iragarri du baita ere, zerbitzuen %30 eskainiko duela bihar.  

Hezkuntzan ere grebak jarraipen zabala izango du, ikastetxe gehienek egingo baitute bat deialdiarekin. AEK-k ere ateak itxiko ditu. 

Ospitalean larrialdi zerbitzuak bakarrik artatuko dituzte.  

Biharko greba deialdiarekin bat egitea erabaki dute hainbat kooperatibatako langileek ere. Besteak beste, grebaren aldeko emaitza atera da Fagor Etxetresna Elektrikoetan, Fagor Industrialen, Ederlanen, eta Coprecin. Ulma taldeko hainbat negoziotan ere greba egingo dute: Packaging-en, Hormigon Polimeron eta Forjan ez dute lanik egingo; Ulma Construccionen, aldiz, bai. Greba egingo duten enpresan artean daude baita ere: Oñatiko Hijos de Juan de Garay eta cegasa eta Antzuolako Balzers-Elay. 

 GOIENAko langileek greba egingo dugu

Zerbitzu minimoak eskainiko ditugu. GOIENAko langileek bat egingo dugu grebarekin. Ondorioz, irratian musika egongo da 24 ordutan eta telebistan ez da magazinerik izango, albistegia bai: arratsaldeko 14:45ean eta 19:45ean. Sarean ere jaso ahal izango da eguneko berri. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak